Esofagitis eosinofilikoa diagnostikatzeko metodo ez-inbaditzaile bat garatu dute
2023/09/05 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Esofagitis eosinofilikoaren diagnostikoa erraztuko duen metodo ez-inbaditzaile bat garatu du ikertzaile-talde batek. Tartean, Biodonostia, Ikerbasque eta EHUko ikertzaileak daude, eta Clinical Gastroenterology and Hepatology aldizkarian argitaratu dute euren lana.
Esofagitis eosinofilikoaren ezaugarria hestegorriaren hantura kronikoa da; hain zuzen, eosinofiloak mukosan sartzearen ondorioz gertatzen da hantura, eta irensteko zailtasunak eragiten ditu. Gaixotasun arraroa izan arren, gero eta prebalentzia handiagoa du. Orain arte, gaixotasun honen diagnostikoa hestegorriko hainbat puntutan hartutako biopsiak aztertuz egiten zen. Metodo hori oso deserosoa denez, metodo ez-inbaditzaile bat garatzea izan dute helburutzat ikertzaileek.
Horretarako, ahoko mukosa hestegorritik gertu dagoenez, biomarkatzaileak bilatu dituzte, laginak hartzea oso erraza baita. Zehazki, esofagitis eosonofilikoarekin zerikusia duten 68 gene hautatu dituzte, eta haien jarduera aztertu dute esofagitis aktiboa duten pazienteengan, sendatzeko bidean daudenengan eta osasun-kontrol egokiak dituztenengan. Eta ikusi dute, 68 gene horietatik, 29 ahoko laginetan detekta zitezkeela. Pazienteekin probak eginda, ondorioztatu dute haietako hiru erabilgarriak direla gaitza diagnostikatzeko, datu klinikoekin konbinatuta erabiliz gero, hala nola sexua edo atopien presentzia.
Predikzio-gaitasuna % 95ekoa dela zehaztu dute ikertzaileek. Haien esanean, etorkizunean beste lan batzuk egin beharko dira lortutako emaitzak baliozkotzeko, eta test honen erabilerak esofagitis eosonofilikoa eta hestegorriko beste gaixotasun batzuk bereizteko aukera emango ote duen jakiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia