}

Esklerosi anizkoitzaren jatorria

2004/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Esklerosi anizkoitza azaltzeko teoria berri bat proposatu du ikertzaile-talde batek. Orain arte, zientzialariek uste zuten sistema immuneak neuronen isolamendu-geruza apurtzen zuela.

Ikerketa berri batean, aldiz, geruza osatzen duten zelulek euren burua hiltzen dutela proposatu dute.

Proposamen hori esklerosi anizkoitzaren ondorioz hildako hamabi pertsonaren gorpuak aztertuta lortu dute. Birusaren antzeko agenteren batek zelulek bere buruaz beste egitea eragiten duela uste dute, eta horren ondorioz gertatzen dela erantzun immunea, eta ez alderantziz.

Neuronen inguruko geruza degradatzen denean, muskuluen kontrol-galera, trakestasuna edo arazo kognitiboak sortzen dira. Aurkikuntza berria garrantzitsua izan daiteke esklerosi anizkoitzaren tratamenduak hobetzeko, gaixotasun horri buruz oso gutxi baitakite adituek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia