Eskizofreniaren aurkako botikekiko erresistentziak badu azalpen bat

2012/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ane Gabilondo, Koldo Callado eta Javier Meana irakasleek eta Aintzane García-Bea doktoratu aurreko ikertzaileak parte hartu dute ikerketan. Arg. © EHU

Eskizofrenia tratatzeko erabiltzen diren medikamentu batzuk, antipsikotiko atipikoak, ez dira eraginkorrak hiru pazientetik batentzat. Nature Neuroscience aldizkarian argitaratutako ikerketa baten bidez, ikertzaileek aurkitu dute zer mekanismok eragiten duen erresistentzia. Ikusi dute, denborak aurrera egin ahala entzima bat ugaritzen dela eskizofrenikoen burmuinean --HDAC2 izenekoa--, eta entzima horrek, gehiegizko kopuruan, aldaketa epigenetiko batzuk eragiten dituela, medikamentuen eraginkortasuna gutxitzen dutenak.

Artikuluan azaltzen dutenez, medikamentuak berak eragiten du HDAC2 entzimaren ugaritzea. Paziente eskizofrenikoen post mortem ehunetan eta animalietan egin dute ikerketa, eta mekanismo zehatza zein den ikusteko aukera izan dute ikertzaileek.

Medikamentu antipsikotiko atipikoen jomuga serotoninaren 5HT2Aren hartzailea da; izan ere, neurotransmisore hori aldatuta egoten da eskizofrenikoengan, eta haluzinazio-koadroak sortzen ditu. Hala ere, aurreko ikerketa batek erakutsi zuen tratamenduak neurotransmisioko beste sistema bati eragiten diola: sistema glutamatergikoari, hain zuzen. Zehazki, glutamato neurotransmisorearen mGlu2 hartzaileak murrizten ditu, eta horrek gehitu egiten ditu gaixotasunaren sintoma negatibo deiturikoak: uzkurtasuna eta interesik eza, adibidez. Orain, nahasmendu horren kausa HDAC2 entzimaren aktibitatea handitzea dela erakutsi dute, eta horrek eragiten dituela mGlu2 hartzailea inhibitzea ekartzen duten aldaketa epigenetikoak.

"Azterketa honekin, argituta geratzen da asaldurak eragiten dituen mekanismoa, eta oinarri zientifiko handia ematen zaio eskizofrenia tratatzeko mGlu2 hartzaileak estimulatzen dituzten medikamentuen erabilerari", azaldu du EHUko Farmakologiako katedradun Javier Meanak. Izan ere, hainbat konpainia farmazeutiko ari dira, gaur egun, jomuga berri honetara zuzendutako medikamentu antipsikotikoak garatzen.

EHUko Farmakologia Saileko zientzialariek bi ikerketetan parte hartu dute, nazioarteko ikerketa-taldeen partzuergo baten bidez. New Yorkeko Mount Sinai Medikuntza Fakultatea, Arizonako Unibertsitatea, Massachusettseko Teknologia Institutua eta Espainiako Buru Osasuneko Sareko Biomedikuntzako Ikerketa Zentroa (CIBER) dira gainerako kideak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia