}

ESAren asmoak hurrengo urteotarako

1999/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joan den hilean Bruselan bildutako ministroek, Europako Espazio Agentziarentzat, ESArentzat, 1999-2002 eperako 2.103,2 milioi euroko aurrekontua onartu zuten. Dirutza horren erdia baino gehiago —1.460,8 milioi euro— ESAk bere zientzia-egitasmoa garatzeko erabiliko du. Onartutako aurrekontuaren arabera, mikrograbitateko ikerkuntza-programak —EMIR-2 izenekoak— jarraipena izango du, Ariane-5 Plus kohetearen programa diruz lagunduko da, eta Vega jaurtikitzailea garatzeko bigarren faseak ere aurrera egingo du.

Bestalde zientzia-egitasmoan, bereziki aipatu beharreko proiektu pare bat bada. Alde batetik Mars Express zunda egiteko lanak hastea, Martera bidali ahal izateko. Bestetik, Living Planet programa abian jartzeko erabakia, Lurrari eta ingurugiroari buruzko datuak jasotzeko.

Azkenik, ESAko partaide diren ministroek nolabaiteko politika-aldaketa ere onartu zuten, industria aeroespazialari ardura gehiago emanez eta beste erakunde batzuekin elkarlan handiagoa izanez (Europako Batasunarekin, adibidez). Izan ere, Bruselan bildutakoek honakoa adierazi zuten: gaur egungo sistemen jatorria militarra izanda eta satelite bidezko nabigazioak gero eta garrantzia handiagoa duenez, Europak bere sistema propioa eta independentea behar duela, Estatu Batuek edo Errusiak jar ditzaketen mugarik gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia