}

ESAk ez du momentuz Rosetta jaurtiko

2003/01/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Urtarrilaren 12an, Europako Espazio Agentziak ( ESA ) Rosetta espazioratzeko asmoa zuen. Ariane-5 espazio-ontziaren laguntzaz, Rosetta k hamar urteko bidaia luzea hasi behar zuen. Haren helmuga Wirtanen kometa zen; hain zuzen, bere eginkizun nagusia kometa hori aztertzea zen, eta bidean bazituen bestelako lanak ere.
Ariane-5 espazio-ontzi baten bidez bidali behar zen Rosetta kometarantz.

Egitasmo hori aurrera eramateko hamar urte behar izan dituzte, eta, azkenean, asmoak zapuztu egin zaizkie. Izan ere, abenduaren 11n, Ariane kohete modernoetako bat jaurtitzean lehertu egin zen. Dirudienez, motorretako batean izandako akatsarengatik gertatu zen leherketa, baina ikerketak ez dira bukatu, eta, gertatu zena guztiz azaldu baino lehen, ez dute Rosetta bidali nahi. Kontuan izan behar da Rosetta mila milioi euro kostatu dela, eta, noski, ez dute halako dirutza kostatu den bitxia arriskuan jarri nahi.

Ariane -ren gaineko ikerketak luzatzeak, ordea, ikaragarri baldintzatzen du Rosetta ren egitasmoa: Rosetta urtarrilean bidali ezean, ez da garaiz iritsiko kometarekin duen hitzordura. Nonbait, kometaranzko bidaian, Marteren eta Lurraren grabitatearen laguntza jaso behar zuen, eta garaiz kanpo bidaltzen badute, ez du planetekin behar bezala bat egingo eta ezingo du haien indarra aprobetxatu.

Itxura guztien arabera, beraz, Rosetta k ez du Wirtanen kometaren bihotzera iristeko aukerarik izango. Hala ere, ez dute egitasmoa bertan behera utzi nahi, eta Wirtanenen ordezko aproposa bilatzen ari dira. Oraindik ez dute kometa egokia aukeratu, baina ba omen dituzte bi edo hiru aukeran. Proiektua gutxienez urtebete atzeratuko den arren, itxaroteak merezi duelakoan daude; bestela, orain arteko lan guztia alferrikakoa litzateke.

Rosetta , kometaren bihotzera

Kometaren nukleoaren gainean jartzeko modulu bat darama Rosetta k.

Astronomoen arabera, kometak eguzki-sistemako objekturik zaharrenetarikoak dira; beraz, horiek aztertuz gero, eguzki-sistema bere hastapenetan nolakoa zen jakin daiteke. Izan ere, izarrarteko espazioan zegoen hautsa eta gasa bilduta eratu ziren duela 4,6 mila milioi urte. Ordutik, Lurrean eta gainerako planetetan, aldaketa geologiko, kimiko eta biologiko asko gertatu dira. Baina, asteroide batzuetan eta kometetan, materia eguzki sistemaren hastapenetan bezala gelditu da.

Rosetta kometen sekretuak agerian uzteko diseinatuta dago. Bere asmoak kometara hurbildu, haren ezaugarriak aztertu eta kometaren nukleoaren gainean modulu bat jartzea ziren. Modulu horrek laginak eta bertako datu zehatzak bildu ahal izango lituzke. Ez zen, beraz, nolanahiko asmoa. Wirtanen kometarekin ezinezkoa gertatuz gero ere, ea beste kometaren baten bihotzera heltzea lortzen duen!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia