}

Erregai garbiak

2000/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Massachusetts Teknologia Institutuko ingeniari-talde batek autoek sortutako poluzioa gutxitzeko beste modu bat asmatu dute: ohiko sistemari hidrogenoz aberastutako gasa gehitzea. Hidrogenoari esker gasolina edo gasolioaren erreketa eraginkorragoa da eta nitrogeno oxido gutxiago sortzen da.

Hidrogenoa gordetzea zaila denez, ingeniariek hidrogenoa sortuko duen sistema garatu dute. "Plasmatron" deritzon botilan aire eta hidrokarburo nahastea ionizatzen da eta plasma bero bat sortzen da. Plasma partzialki oxidatu egiten da karbono monoxidoa eta hidrogenoa sortuz. Ondoren ohiko moduan gertatzen da gasolinaren erreketa, baina, airea bakarrik erabili ordez, airea eta hidrogenoa erabiliko dira. Hidrogenoa sortzeko behar den energia gehigarria gasolinaren erreketa hobeak konpentsatzen du.

Sistema berriaren abantaila ez da energetikoa; ingurugiroarentzat da onuragarria, hidrogenoa erabiliz % 90 poluitzaile gutxiago botatzen baita ihes-tututik. Sistema horrekin kalitate txikiko erregaia kalitate handiko erregai izatera pasatuko da eta poluzio-maila txikitu egingo da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia