}

Erleen mundu liluragarria

1991/02/01 Aizpurua, Martxel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Erleen egutegiaren berri emateaz gain, erlategi bateko urteko martxaren proposamena azaltzen digu Martxel Aizpuruak artikulu honetan.

Erleen egutegia

Otea egoten da loratan negu partean eta polen asko kentzen diote.
M. Aizpurua

Erle-zulo edo erlauntza bateko atarira begira bagaude, gauza asko ikas genezake; atakan nabari bait da barneko hainbat eta hainbat gorabehera.

Neguan

Duela bederatzi urte lehen erlea etxeratu genuenean, udazkena zen eta negu hartan behin baino gehiagotan bisitatu genuen erle hori. Ondotxo gogoratzen naiz anaia eta biok batera joan eta atakan inongo mugimendurik ez ikusita hil ote zen beldur izaten ginela eta erlauntza kolpatuz bakarren batzuk irten arte ez ginela lasai sentitzen.

Neguan erlea jan-da-lo egoten da eta ez da atarian asko ikusten eguzki ederrak jotzen ez badu. Eguzkiak berotzen duenean atakan erleak ikusten dira eta hegan kanporatzen ere bai. Sahatsa loratzen hasi aurretik ere tarteka lore ezkuturen batetik polena ekartzen du bakarren batek. Otea egoten da loratan negu partean eta polen asko kentzen diote.

Oro har, ordea, neguan atakan agertzen diren erleak eguraldi epelean disfrutatzera irteten dira, baina ez du horrek polen- edo nektar-bilketarekin zerikusirik. Eguzki bila dabiltzan horien artean nekez ikusiko dugu erlamandorik. Denak langileak dira. Urtea epela joan bada, kostaldean erlamando batzuk bizirik diraute batzuetan.

Udaberrian

Erlategi moderno bat, erlauntza estandarrez osaturik.
M. Aizpurua

Urtearen martxak asko esan nahi du, baina martxo aldera atakan mugimendu handia hasten da. Hanketan polen-pilota horiak nabarmentzen dira eta atakan barna dagoen sartu-irtena handia da.

Gure artean udaberriak gorabehera handiak izaten ditu eta epelaldi baten ondoren izotzak erasotzen badu, ondorengo egunetan erle zuri batzuk ateratzen ikusi ahal izango ditugu. Hotzez hil zaizkien umeak dira. Alegia, hotz-kolpea datorrenean, erleak pilatu egiten dira hotzari aurre egiteko eta eginak zituzten umeak estaltzeko behar adina erle ez badago, umeak hoztu eta hil egiten dira. Epelaldia datorrenean ostera, hildakoak dauden gelak garbitu egiten dituzte eta erreginak berriro arrautzak egiteko prest ipini.

Negua igaro eta lehen hegaldiak egiten dituztenean, sarritan harri gainetan pausatzen ikusten dira, eguraldi epela denean. Han beren hestea husten dute, negu osoko partez, eta bi zentimetrorainoko kaka-haria uzten dute. Izan ere, negu gogorra izan bada, irten gabe egon diren denbora guztian ez dute kakarik egiten erlauntzaren barnean, eta beren hesteetan pilatzen dute.

Erle-hodeia.
M. Aizpurua

Urte batetik bestera eta eskualde batetik bestera alde handia badago ere, apiril aldera ikusi ahal izango ditugu lehen erlamando zaratatsuak. Erlamandoak udazkenean botatzen dituztela esaten bada ere, maiatzean bertan bota ditzakete giro txarra baletor.

Erlazain prestu batek barneko erle-kopurua nola handitzen doan jakin nahi badu, baditu horretarako bi bide erlauntza zabaltzen ibili gabe. Bata, atarian sartu-irten dabiltzan erleak kontatu minutuan. Datu horrek laguntza handia emango dio urtean zehar erleen martxa jakin ahal izateko. Bestea, erlauntza pisatu. Noski, horrekin ezti eta guzti pisatuko du, baina udaberri-hasieran batez ere, umesabiaren gehitzearekin eta erleen kopurua handitzearekin lotura handia izango du.

Udan

Erle-begiraleak ataka aurrean segitzen badu, udako erle-mugimendua eta udaberrikoa berdintsuak direla ikusiko du, erlakumea irten aurreko eta ondorengo egunetan izan ezik.

Maiatza eta ekaina dira erlakume gehien jaiotzen den sasoia, baina ez da berdin kostaldean eta mendialdean, eta horren arabera, ezta erlakumearen sorrera ere.

Urtearen martxak asko esan nahi du, baina martxoaldera atakan mugimendu handia hasten da.
M. Aizpurua

Erlakumea irten aurretik ataka aurrean bestetan baino erle gehiago ikusiko dira despistatu antzean. Arratsalde aldera pilaketa handia egiten da atakan eta bizar baten antzera atakaren kanpotik zintzilik pasatzen dute gaua. Gorabehera hauek erlakumea irten aurreko astean ikus daitezke. Halako batean erleok barnera sartzen dira bapatean eta handik laster erleak irten eta irten hasten dira eta pilota bat osatzen. Ordu batzuen buruan, handik urrundu egiten da hegaldi burrunbatsu batean zulo berri batera.

Hori gertatu eta astebetera edo, erlauntza zaharretik erregina bat irteten ikusiko dugu eguerdi aldera eta handik minutu gutxi barru, gorputz-puntan erlamando baten ernal-organoak zintzilik dituela itzultzen. Sartu-irten hau behin eta berriz gertatzen ikus daiteke.

Begira egonik, erregina batzuen gorpuak ateratzen ere ikus daitezke erlakumea irten eta hurrengo egunetan. Sarritan, oraindik kolorea hartu gabeko erregin ninfa zuriak dira. Erregina berriak hil dituen beste erregina jaiogabeak dira.

Udazkena

Erle-pilota.
M. Aizpurua

Udazken aldera aktibitatea gero eta txikiagoa da. Eguna laburtzen doa eta gaua freskatzen. Goizean ere, beraz, beranduago ekiten diote lanari.

Aktibitatearen gutxitzearekin batera (gutxitze hau janariaren gutxitzearekin loturik doa) erlamandoen kanporatzea hasten da. Gorputz handiagoa izan arren eta, nahiz eta erlauntza barnera langile guztien gainetik behin eta berriz sartu, berriro kanporatuak dira eta kanpoko hotzak galduak.

Erle-bila herri-inguruan

Erleen berri jakiteko ez da nahikoa erlauntzako atakan egotea. Kanpoan nola dabiltzan ere begiratu behar zaie.

Erlea bezala lorerik lore

esan ohi zaio neska mutilzaleari edo gehiagotan mutil neskazaleari. Hori ez da lehenik ikusten den gauza, erlea lorerik lore dabilela, baina ez pentsa jendeak uste bezala dabilenik. Begiratu ondo eta lore-mota berean bakarrik dabilela konturatuko zara. Hortik dator goiko esaera egokia ez izatea.

Erlauntza harri artean.
M. Aizpurua

Erle batzuk, badirudi lorea usaintzera bakarrik doazela, eta ez dute itxuraz ezer biltzen. Beste batzuek, ordea, hanketan polen-pilota ederrak egiten dituzte, behin kolore batekoak, behin bestekoak.

Ataka aldera bagoaz, ez dugu pilota horiez aparte beste ezertxo sartzen denik ikusten. Baina hanketan pilota koloretsuak biltzen dituztenaz aparte, besteek zer biltzen duten jakiteko paparoa hustu beharko genieke, eta han ura, nektarra eta propolia gutxienez azalduko lirateke.

Propolia landare-begietan sortzen den berniz bat da; erleek batipat zirrikituak ixteko erabiltzen dutena. Oso sendagai ona da, gainera.

Begirale finak ikusi izan ditu erleak hosto gainetan edo ezkurraren bueltan, lorerik ez dagoen tokietan. Inoiz landare-zorrien inguruan ere bai, inurrien modura, ezti-ihintza deiturikoa biltzen. Landare-zorriek hostoak eta beste landare-organoak zulatu egiten dituzte eta handik irteten den izerdia biltzen dute erleek. Zorriek beraiek, landare-izerdia jan ondoren, isurtzen duten likido gozoa ere biltzen dute erleek. Beste kasuetan landareak berak jariatzen du likido gozo hori, ezkurraren kasuan bezala.

Hona hemen dauden hiru erle-motak: erregina, langilea eta erlamandoa.

Erlearen berri jakiteko kuriositatea duenak, erlea ikusiko zuen etxe-leihoetan ere ikusmiran. Ez dator erle hori inori erasotzera; inspekzioan dabil. Han arroz-esnea aurkituko balu, dastatu, paparoa bete eta erlauntzara itzuliko litzateke. Baina handik minutu gutxi barru, erle gehiago helduko da eta gero eta gehiago. Elkarri abisatzen ote diote ala elkarri segika ote datoz?

Uda-partean, janik ez dagoen tokietan ere ikusi ohi dira miaketa-lanetan, pareta-zulo, enbor-zulo eta inguruetan. Erle esploratzaileak dira, erlakumea laster irteteko dagoela eta berarentzat egoitza berri baten bila.

Ingurua ondo ezagutzen duen batek, uda partean agian egin du erlamando-saldo zaratatsu, burrunbatsu batekin topo. Hori ezagutzeko aukera izan duena harro egon daiteke; bailara hartako erlamandoen bilkura-tokia aurkitu bait du; erlamandoek erregina berrien zain egoteko duten tokia.

Udazkenean erlamandoen desagerpena sumatuko du mendizaleak. Erlauntzatik kanpo gerarazi dituzte eta gaueko freskurak galdu ditu.

Erlauntza barnean zer?

Martxel Aizpurua eztia biltzen. Udazkena izaten da eztia biltzeko urte-sasoia.
M. Aizpurua

Erleak ikusi ditugu, bada, ataka ondoan eta erlategi inguruan mugitzen, baina behaketa edo obserbazio horiek azaleko gauza bezala hartu behar ditugu. Benetan jakingarria erlauntza barnean gertatzen dena da.

Milaka urtetan egon da ezkutuan misterio hori. Erlazainak udazkenean bakarrik arduratzen ziren erleetaz; eztia kentzeko garaian. Udan erlakumeak harrapatzen zituzten eta, gehienez, negu gogorrean azukredun ardo epela, edo baba-ahia ematen zieten.

Gaur egun egoera aldatu egin da. Horretarako, ikertzaileek beren lanetan bi baliabide erabili dituzte batipat: bat, kristalezko erlauntzak (barnean zer geratzen den ondo ikusteko), eta bertan erleak markatzearena bestea. Alegia, bizkar gainean kolore desberdinetako laka-tanta bat ipiniz, edo zenbaki bat kolaz erantsiz, erle bakoitza kontrolatu ahal izan da.

ERLATEGI BATEKO URTEKO MARTXA PROPOSAMENA

Erlazain batek berak nahi duen bezala egiten du lan bere erlategian eta ez dauka inork nola egin behar duen esan beharrik. Azkeneko hilabetetako lan eta harremanen ondoren ondorengo lan egiteko modu honetara iritsi naiz. Hemen aurkezten dut inork segitu nahiko balu egin dezan.

Eztialdia datorrenean erleak oso indartsu edukitzea komeni da. Hori edonork daki. Sarritan gertatzen da, ordea, eztialdia iristen denean batzuk indartsu eta beste oso ahul egotea. Horregatik, indartsu horiek eztia biltzen dute eta ahulekin, berriz, indartzen saiatzen gara, baina alferrik izaten da sarritan.

Ahuletan mikosi edo umesabi eskaiolatuz erasotakoak daude. Gaitzak ahulak jotzen ditu sarritan eta ahula erregina txarragatik izan daiteke.

Hemen aurkezten den metodo honen bidez, ahulak kendu eta indartsuei indar gehiago ematen zaie.

Bestalde, Langstroth erlauntzarekin lan egiten duenak ikusten du altzan eztia izaten duela, baina behea, umetegia, hutsa geratzen zaiela. Iaz, gainera, erleek erlea eta umesabia asko eduki dutela ikusi dugu, baina eztirik ia ez dute bildu. Hobeto esan, eztia bildu bildu dute, baina egun batean bildua hurrengoan umeei jaten ematen gastatu dute.

Eztia asko egiteko umesabiak blokeatuta egon behar du. Hori da eztialdi ona eta luzea dagoenean gertatzen dena. Gipuzkoan eztialdiak laburrak izaten dira sarritan eta, agian, komeni da altzak ipini baino lehen janari artifizialez umetegia blokeatzea. Esatea erraza da, baina batzuetan blokeoari desblokeoa jarraitzen zaio. Gorabehera handiak daude Gipuzkoan eta zaila da blokeatu eta blokeatu ihardutea. Har bedi ideia hau orientabide bezala.

Hilabeteen gorabehera aldakorra da Gipuzkoan. Hemen diodana Kostalderako da. Oñati aldekoek hilabeteko atzerapena eduki dezakete. Urte guztiak ere ez dira berdinak eta eguraldiaren arabera aurrera ala atzera daiteke egutegi hau.

URTARRILA


Barnean nahikoa jan badute, bakean utzi behar dira erleak, aurrerantz zertxobait inklinatuak, ura edo izerdia oinarrian gera ez dadin. Gainak ondo itxita ipini behar zaizkie.

OTSAILA


Barroaren kontrako oholtxoak ipini. Janari pizgarria ematen hasi, erregina erruten has dadin. Hasieran nahikoa litzateke litroerdi bat jarabe, azukrea edo eztia eta ura 1:1 proportzioan.

MARTXOA


Oinarriak garbitu. Janari pizgarria ematen segitu. Umetegia miatu erregina bizi den ikusteko. Umetegiko lauki zaharrak aldatu, lauzpabost urtero. Horrela umetegia berriturik geratuko zaigu bi urtean behin. Umetegitik ateratako lauki beltzak ez erabili eztitarako; urtu baizik. Higiene hobea izango dugu erlauntzan eta arazo gutxiago neguan sitsarekin.

APIRILA / MAIATZA


Atakak kendu. Eztialdia heltzen denean, erle txarrak kendu: mikosia daukatenak, indartu ez direnak, adibidez B, C eta F. Erle onei gehitu txarrak, erreginak kendu ondoren. Jana asko eman eta blokeatu, altzak ipini aurreko egunetan, eztialdiak bere indarra agertzen duenean.

EKAINA


Altzak zaindu eta kontrolatu irabazia. Ez utzi inoiz erlea toki gabe. Erregina berriak eskuratu, norberak sortu ala erosi. Erlakumeak harrapatu. Barroasiaren kontrako botika eman harrapatutako egunean bertan, edo lau egun pasatu aurretik.

UZTAILA / ABUZTUA


Eztia bildu altzak kenduz. Ez utzi, ordea, erlea janik gabe. Barroaren kontrako oholtxoak ipini. Udaberrian bat egindako umetegi bikoitzak banatu eta erreginarik gabe geratu direnetan erregina berriak sartu. Halaber, aldatu ondo funtzionatu ez duten erlauntzetako erreginak.

IRAILA / URRIA


Erreserbak zaindu eta negurako behar duen janariarekin dagoela konprobatu.

Ataka metalikoak ipini, saguen kontra.

AZAROA / ABENDUA


Bakean utzi erleak ondo estalita.

Erleak lore-mota bereko loreetatik biltzen du polena.
I.X.I.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia