}

Entzefalopatia espongiformearen balizko tratamentua

2001/03/02 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) ikerlari-talde batek entzefalopatia espongiformeak sortzen dituen proteinen metaketa in vivo itzulgarria dela aurkitu du. Entzefalopatia espongiformeen taldeko gaitzak dira behi eroen BSEa, ardien scrapiea eta gizakien Creutzfeldt-Jacob gaixotasunak. European Federation of Biochemical Societes aldizkarian argitaratutako aurkikuntza garrantzitsuaren bidetik aipatutako gaixotasunei aurre egiteko tratamentuak sortzeko aukera zabaltzen da UABkoen ustean. Bai eta proteina bioindustrialen leheneratze-prozesuak hobetzeko ere.

Proteinak aminoazido-kate luzeak dira, tolestu eta hainbat forma hartzen dutenak, eta bizidunetan hainbat prozesuren erregulazioan ezinbestekoak dira. Proteina bakoitzaren funtzioak harreman estua du duten formarekin, hau da tolesteko erarekin. Proteinek euren jatorrizko forma galtzen badute, funtzioa ere galtzen dute. Entzefalopatia espongiformeen kasuan, prioeiek proteina izugarri metatzea eragiten dute, horrela euren forma eta, beraz, funtzioa galduz.

Antonio Villaverderen taldeak ikusi duenez, bakterio bateko proteinen metatzea itzulgarria da. Horrek esan nahi luke, zenbait baldintzatan metaketetako proteinek jatorrizko forma eta funtzioa berreskuratu eta metaketa erabat desagertzen dela. Azaldu dutenaren arabera, metaketa edo agregazioak euren kasa desagertzen dira, proteinak berriz tolestean parte hartzen duten mekanismo zelularrek eraginda. Horrek ateak zabaltzen dizkio ez entzefalopatia espongiformeak sendatzeari soilik, baita proteinen metatzeak eragindako beste gaixotasunak sendatzeari ere. Hala nola: Alzheimerra, II motako diabetea, Huntington-en sindromea eta abar.

Orain ikusi egin behar leheneratze hori beste bizidunetan ere gertatzen den.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia