Elhuyar zientziaren komunikazioa

Enrike Zuazua Iriondo Matematikari ikertzailea

"Uhinak gara. Uhinik gabe ez legoke bihotzaren taupadarik, ez barrerik, ez negarrik"

2014/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Enrike Zuazuak grinaz bizi du matematika. Halaxe aitortzen du, eta nabaritu egiten zaio, gainera. Adibidez, galderei erantzutean, ezin du ezkutatu matematikarekiko sentitzen duen erakarpena, lilura. Baina ez da horretan geratzen, eta lilura hori kutsatzen saiatzen da, uste osoa baitu gizartearen motor nagusienetariko bat dela matematika.

enrike-zuazua-iriondo-uhinak-gara-uhinik-gabe-ez-l
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Oro har, matematikaren mirariak harritzen nau egunero. Matematika gizakiak asmatutako eta sortutako tresna da, ingurunea ulertu nahian. Eta ulergaitza zait hain zehatza, hain indartsua izatea.

Zientzialari handienak ere matematikaren aurrean apal aitortu ziren, txiki. Einsteinek, bere azken egunetan, natura jarri zuen zientziaren gainetik. Newtonek, berriz, Jaungoikoa aipatu zuen, lege matematikoen bidez antolaturiko unibertso baten egile bakar posible gisa. Leonardo da Vincik esan zuen ez zegoela ziurtasunik matematika aplika ezin zen lekuetan. Galileok, unibertsoa matematikaren hizkuntzan idatzita zegoela...

Txunditu egiten nau matematikaren barnetik bizitzeko aukera izanak. Bere indar miragarriaren behatzaile, eta, neurri txiki batean bada ere, sortzaile izateak pribilegiatu sentiarazten nau.

Lanean hasi nintzenetik bidean naiz, mendizaleak mendian gora bezala. Baina bidea hasi besterik ez da egin. Beti ikasten... Oraindik asko falta da lehen tontorrera igotzeko.

Bestalde, ikasle naizen arren, profesional gisa badut besteei erakusteko aukera ere. Horrek katearen etorkizuna ziurtatzen du. Hain zuzen, gizakia, matematika sortzeko gai izateaz gain, haren etorkizuna bermatzeko gai ere izan da.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Kirolean esaten da garrantzizkoa lehiatzea dela, ez irabaztea. Matematikan gauza bera esango nuke, aritzea da gogoko dudana. Horrekin gozatzen dut eta horrela jarraitzea nahiko nuke. Baina besteengan ere nahiko nuke piztu matematikarekiko interesa. Horregatik, bulegoko lan isilean ez ezik, elkarrizketak ematen eta horrelakoetan ere aritzen gara.

Izan ere, matematika gizartearen motor nagusienetariko bat da. Eta Euskal Herriak hori benetan barneratuz gero, gure herri txiki eta txikitu honek aurrerapauso galanta egiteko aukera izango luke.

Euskal Herrian ahalegin handia egin dugu gure sarea osatzeko. Nire ustez, orain energia horiek integratzeko beharra dugu, gazteek aukera berri lehiakorrak izan ditzaten Euskal Doktoretza Bikaintasun Eskola Internazional batean.

Bestalde, 2000. urtean, milurtekoko zazpi problemak aukeratu genituen matematikariok. Horietatik bakarra ebatzi da: Perelmanek Poincaréren aierua egiazkoa zela frogatu zuen 2006an. Gainerakoek ebatzi gabe jarraitzen dute.

Dena dela, ni ez naiz gai horietan ari. Nire arloa uhinak dira, haien portaera aztertzeko behar diren simulazio-tresnak garatzen aritzen naiz. Eta grina handiz bizi dut nire arloa. Izan ere, uhinak gara. Uhinik gabe ez legoke bihotz-taupadarik, ez barrerik, ez negarrik. Merezi du, beraz, gaiak.

Enrike Zuazua Iriondo
Enrike Zuazua Iriondo (Eibar, 1961) BCAM (Basque Center for Applied Mathematics) zentroko zuzendari sortzailea da; eta, bertan, Ikerbasque Fundazioko ikertzailea. Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Matematika Aplikatuko katedratikoa ere bada. Uhinen arloan espezializatuta dago, eta sari ugari jaso ditu; azkena, joan den otsailean: Humboldt Ikerketarako Sari ospetsua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia