Elhuyar zientziaren komunikazioa

Engainuaren industria

2010/06/01 Elosegi, Arturo - Landare-biologia eta Ekologia SailaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ez dago engainatzeko errazagorik nork bere burua baino. Begira bestela gaitasun paranormalak dituztela uste dutenei, edo eguraldia tenporen bitartez iragartzen dutenei. Batzuetan nork bere burua engainatzeak ez dakar kalte handirik, hala nola norberaren haurrak polit eta argienak direla uste denean. Baina maiz kalte handiak ekar ditzake engainuak. Osasungintza da honen adibide argiena.

Engainuaren industria
2010/06/01 | Elosegi, Arturo | Landare-biologia eta Ekologia Saila. Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU.
(Argazkia: © Heinz Leitner/123RF)

Kultura eta garai guztietan izan dira txaman, mediku, sendagile, azti edo petrikiloak, eta kultura guztiek estimu handitan izan dituzte, nahiz eta metodo erabat desberdinak erabili. Batzuek, gaixotasunak begikoaren edo aztikerien ondorio direlakoan, konjuruak egitea, oiloren bat hiltzea edo gisakoak aholkatzen zituzten. Eta gaixoak sendatu! Agian ez beti, baina sendatzen ez bazen, beti zegoen arrazoiren bat: erritua ez zen behar bezala bete, begikoa bota zion sorgina gure aztia baino indartsuagoa zen, edo auskalo. Baina, oro har, sendagileak alde handia zekarren. Ustez.

Beste batzuek sendabelarrak erabiltzen zituzten. Gaur badakigu belar askok printzipio aktibo eraginkorrak dituztela. Galdetu bestela milaka hektarea oihan erosten ari diren enpresa farmazeutikoei. Baina imajina ezazu garai bateko sendagileen lana, gaixotasuna zerk sortzen zuen ideia zipitzik ere izan gabe. Nondik hasi belarrak aukeratzen? Nola probatu hauek? Etnologiak horren berri ematen digu. Intxaurrak garunaren itxura duenez, buruko gaitzak sendatzen omen ditu. Gibel-belarrak gibel itxurako hostoak dituenez, gibeleko gaixotasunak sendatzeko bikaina omen; Lobaria likena, biriken antza omen duena, biriketako gaitzak sendatzeko. Alegia, jainkoak itxura eman zion nonbait landareari, guk jakin genezan zer sendatzen zuen. Oso fidagarria.

Ez pentsa horrelako arazoak gizarte tribaletan bakarrik ematen direnik. Gaur argi dago duela 200 urtera arte medikuek, baita herrialde garatuenetakoek ere, mesede baino kalte handiagoa egiten zutela kasu gehienetan. Pentsa, merkurioa eta artsenikoa irenstea edo odola ateratzea ziren ohiko erremedioak. George Washington bera ere bere medikuek odolustuta hil omen zen! Hala ere, orduko medikuek harro esanen zizuten zeinen ongi funtzionatzen zuten beren metodoek. Bizitza osoko esperientzia pertsonala zen horren froga.

Geroztik, ordea, gauzak asko aldatu dira. Zientziak hiru berrikuntza ekarri dizkio medikuntzari. Lehenik, ezagumendu pila bat: infekzioak mikrobioek sorten dituztela, erreakzio kimikoak molekulen elkarrekintzen ondorio direla, odolaren zirkulazioa, eta beste hainbat. Biriketako gaitzak aipatu ditut, eta gaur argi dugu silikosiak, tuberkulosiak eta biriketako minbiziak kausa eta sendabide desberdinak dituztela. Bigarrenik, teknologia berriak: X izpietatik antibiotikoetara, tomografia axialetik diagnostiko genetikora. Diagnostikorako zein tratamendurako bide berriak zabaldu dituzte teknologia horiek. Eta hirugarrenik, --ez garrantzi gutxiagokoak, ordea-- entsegu klinikoak, ebazteko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Medikuntzan horixe baita giltzarria, eraginkortasuna.

Hain zuzen, nork bere burua engainatzea zeinen erraza den ikusita, medikuek aspaldi erabaki zuten norberaren esperientziak ez duela balio, eta tratamendu bat ona edo txarra den ebazteko entsegu kliniko zorrotzak egin behar direla, paziente askorekin, gainera. Botika bat eraginkorra ote den ikusi nahi dugu? Botika hori plazebo batekin alderatu behar dugu bi aldetatik itsua den entseguan; alegia, ez pazienteek ez medikuek jakin gabe nork hartzen duen botika, nork plazeboa. Horrek, eta ez beste deusek, erakusten du tratamendu bat eraginkorra den edo ez. Entsegu klinikoek erakutsi digute medikuntza tradizionalak erabiltzen zituen erremedio askok ez zutela balio, eta terapia alternatiboek, baita gaur egun erabiltzen direnek ere, ez dutela deusetarako balio, jendea engainatzeko ez bada.

Aipatutako hiru berrikuntzei esker azken mendean medikuntzak egindako aurrerapenak harrigarriak dira: organoen transplantetik hasi, garuneko kirurgiarekin jarraitu eta ernalketa lagunduko teknikekin amaituta, medikuek etengabe harritzen gaituzte. Hilero edonor txunditzeko moduko berriak zabaltzen dira hedabideetan, eta, are garrantzitsuagoa, gaixotasun asko menderatuxeak ditugu, baita batzuk, baztanga bezala, mundutik erradikatuta ere.

Sasimedikuntzaren goraldia

Hala ere, medikuntzak horrelako iraultzak ekarri dituen arren, sasimedikuntzek gero eta arrakasta handiagoa dute. Sartu farmazia batera, eta botika arruntak baino ugariagoak dira bolatxo homeopatikoak, eskumuturreko magnetikoak edo Bachen loreak. Edozein hiritan barrena ibili, eta klinika arruntak baino gehiago ikusiko dituzu reikizaleak, naturopatak edo aromaterapeutak. Berdin dio batere oinarri zientifikorik ez izatea, berdin terapeuta horien diagnostikoek ez hankarik ez bururik ez izatea, berdin entsegu kliniko ugarik deusetarako ez dutela balio erakustea. Engainuaren industria indarrean dago, terapeuta, saltzaile eta bezero andanari esker. Batzuk borondate onez ariko dira, bere burua engainatuta; beste batzuk, berriz, zitalkeriaz, besteak nahita engainatuz; azkenik, ez dira gutxi saltzen ari diren horretan sinetsi ez, saltzeaz lotsatu ere bai, baina saldu egiten dutenak. Guztien artean engainuaren industria majo gizentzen ari dira.

Gezurra dirudi, baina horrelako engainuen kontsumitzaileen artean jende ikasia barra-barra dago. Makina bat lankide ditut, beren eguneroko ikerketan prozedura zientifiko ezin zorrotzagoak erabiltzen dituztenak, haurrak iridiologoarengana, kristalen terapiara, antroposofoarengana, edo nik al dakit nora daramatzatenak. Eta guztiak ni konbentzitu nahian, beren esperientziak erakutsi omen dielako oso eraginkorra dela. Lehen mailako hezkuntza amaitu duen edonork jakin beharko luke zero kontzentrazioa duen sustantzia baten eraginkortasuna zerokoa dela, edo ura magnetizatzea ezinezkoa dela. Ba ez, homeopatia gero eta gorago, eta denak power balance bana eskumuturrean.

Hori gutxi balitz, gero eta zabalduago dago terapia "alternatibo" horiek ez dakartela kalterik. Eta okerrena da kalterik ez omen dakartenez haurrekin erabiltzen direla gero eta maizago. Gaixoa medikuarengana eraman beharrean vudura eramatea ez al da kaltegarri? Nik behintzat ezagutzen ditut "eskapada" latzak egindakoak, homeopatari kasu egiteagatik ospitaleko larrialdian haurra hilzorian zutela sartutakoak. Ezagutzen ditut infekzio txoro bat harrapatu eta hildakoak, ez baitziren "medikuarengana joaten diren horietakoak". Ezagutzen ditut minbiziaren tratamendua utzi dutenak sasitratamendu txepel bat hartzeko, eta handik gutxira modurik miserableenean hil direnak. Alegia, kalteak, eta latzak.

Medikuntza ez da, noski, perfektua. Baina metodo zientifikoari esker egunetik egunera hobetzen ari da. Azkarrago hobetzeko bidea ezaguna da: medikuei baliabideak eta denbora eman behar zaizkie, eta gaixoak arretaz tratatzea exijitu behar zaie; ikerketan ari direnei, berriz, prozedura are zorrotzagoak erabiltzea eskatu behar zaie, esperimentu gero eta finagoak. Terapia alternatibo guztien artean, ordea, ez da deus aldatu hamarkada askotan. Gehienak iluminaturen batek sortu zituen hutsetik, printzipio sinestezin batzuk asmatu zituen, eta mende batzuk geroago bere jarraitzaileak horretan dira, apostolu haren idatziak miresten, ebidentzia zientifiko orori entzungor eginez.

Bada garaia zentzugabekeria hauekin bukatzeko, heldu diren belaunaldiei etorkizun hobexea uzteko, sineskeria eta dogmatismoa baztertzeko. Zuk ere, irakurle, baduzu honetan erantzukizuna. Farmazian zabor alternatibo bat eskaintzen dizuten hurrengoan, lagun batek ez dakit nongo azti berriarengana joateko esaten dizun hurrengoan, argi izan ezazu. Engainuaren industriaren bultzatzaile ala etsai izan zaitezke; ez dago tartekorik.

BIBLIOGRAFIA
Goldacre, B.: Bad Science. Harper Perennial. 2009.
Shermer, M.: Why people believe weird things: pseudoscience, superstition and other confusions of our time. Henry Holt. 1997.
Singh, S.; Ernst, E.: Trick or treatment? Alternative medicine on trial. Corgi. 2008.
Elosegi, Arturo
2
265
2010
6
019
Medikuntza alternatiboa
Analisia
54

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia