}

Endre Szemerédi hungariarra, Abel sariduna

2012/03/22 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

endre-szemeredi-hungariarra-abel-sariduna
Arg. Norvegiako Zientzia eta Letren Akademia

“Matematika diskretuan eta konputazioaren teorian egindako ekarpenengatik” eman diote Abel saria Endre Szemerédi matematikariari. Matematika diskretua zenbaki jakinen multzoen matematika da, eta, azken batean, informazio-kantitate handiak antolatzeko modu eraginkorrekin dago lotuta, konputazioaren teoriarekin, alegia.

Szemerédi medikuntzan hasi zen lanean, baina gero beste hungariar batekin hasi zen lanean, Paul Erdös matematikari handiarekin, eta haren lanari eman zion jarraipena. 1936an, Erdösek zenbaki osoekin egin zuen lan, eta Paul Túran matematikariarekin batera ideia interesgarri bat planteatu zuen aieru moduan: zenbaki-multzo handietan nahitaez progresio aritmetikoak egon behar zutela, hau da, distantzia berera dauden zenbakien segidak (adibidez: 4, 8, 12, …). 1975an, Szemerédik aierua frogatu eta teorema bihurtu zuen.

Teorema matematikaren esparru askotan aplika daiteke. Esate baterako, zenbakien teoria grafoen teoriarekin lotzeko balio du, eta lotura hori oso emankorra izan da. Gainera, konputazioaren teorian bide berriak ireki ditu, batzuk Szemerédik berak landutakoak, eta ingeniari elektronikoen esparrura ere iritsi da.

Ekarpen zabal horrengatik jaso du Endre Szemerédik matematikan dauden bi sari handienetako bat: Abel saria. Norvegiako Zientzia eta Letren Akademiak ematen du, eta, aurten, 6 milioi koroa norvegiarreko saria da, 790.000 eurokoa, gutxi gorabehera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia