Emakumeek % 32 aukera gehiago dute ebakuntzen ostean hiltzeko zirujaua gizonezkoa bada

2022/01/13 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. PxHere

Kanadako ospitaletan egindako ikerketa batek frogatu du, zirujauen eta pazienteen generoak baduela zeresanik ebakuntzen emaitzan. 3.000 zirujauen eta 1,3 milioi pazienteren jarraipena egin dute, eta ikusi dute emakumeek ebakuntzen ondorengo arazoak izateko aukera gehiago dituztela zirujaua gizonezkoa den kasuetan. Zenbaki absolutuak ez dira handiak, baina estatistikoki esanguratsuak. Hain zuzen, ebakuntzen osteko % 15 konplikazio gehiago, % 11 birospitaleratze gehiago eta % 32 heriotza gehiago pairatu dituzte. Paziente gizonezkoek, ordea, emaitza beretsuak izaten dituzte zirujaua gizonezkoa zein emakumezkoa izan.

Zirujau guztiek antzeko gaitasun teknikoa eskuratzen dutenez, ikertzaileen ustez litekeena da zirujauen joera, estereotipo, eta jarrera inkontziente eta sakonki errotuek eragitea ebakuntzak egiteko garaian. Pazienteekin ebakuntzaren aurretik eta ondoren komunikatzeko moduak, harremanetarako gaitasunak, lan-estiloak eta erabakiak hartzeko moduak ere eragina izan dezaketela uste dute. Eta ohartarazi dute oraindik oso urrun dagoela kirurgian generoen arteko oreka. Izan ere, emakume askok zirujau-ibilbidea hasten badute ere, espezializatu eta gora egin ahala, gero eta gutxiago dira. Erresuma Batuan, esaterako, % 41 dira hasieran emakumezko zirujauak, baina, goi mailakoen artean, % 14 besterik ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia