Emakumeak zientzian: gero eta gutxiago, ibilbidean aurrera egin ahala

2016/06/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bartzelonako Mikroelektronika Institutuko ikertzaile bat, laborategian lanean. Arg. CSIC

Emakume ikertzaileak 2016 izeneko txostena argitaratu berri du CSIC erakundeak (Zientzia Ikerketarako Goi Kontseilua, Espainia), eta datuek agerian utzi dute egoera ez dela aldatu: ibilbide zientifikoan aurrera egin ahala, emakumeen ehunekoa txikitu egiten da. Gauza bera gertatzen da Europako beste herrialdeetan ere, azken urteetan unibertsitate- eta doktore-titulua duten emakumeen ehunekoa hazi egin den arren (orain % 60 eta % 45 dira, hurrenez hurren).

Adibidez, jauzi nabarmena dago doktoretza-aurretik formatzen ari direnen eta doktoretza-ondorengoa egiten ari diren ikertzaileen artean: aurretik % 56,69 dira, eta ondoren, % 32. Bestalde, Espainiako ikerketa-proiektuetan, Ikertzaile Nagusi izendapena duten emakumezkoen ehunekoa % 35, 98 da, eta nazioarteko proiektuetan, % 34,67.

Bereizketa, ordea, ez da bakarrik bertikala; horizontala ere bada. Hain zuzen ere, Elikagaien Zientzian eta teknologian, emakume ikertzaileen ehunekoa gizonena baino handiagoa da (% 53,37). Haren ondotik datoz Zientzia eta Teknologia Kimikoak (% 43,95) eta Nekazaritza Zientziak (% 41,44). Beste muturrean dago Fisika, % 20,62arekin.

Txosten osoa eskuragarri dago CSICen webgunean, Emakumeak eta Zientzia atalean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia