"Emakume zientzialarien argitan" zikloa abiatuko da

2021/10/14 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Elhuyar

Urriaren 19an Ernest Lluch Kultur Etxeak programazioaren lerro berri bat abiatuko du. Emakume zientzialarien argitan izenarekin, eta Elhuyarreko Ana Galarraga Aiestaranek koordinatuta eta gidatuta, programa berri honek kultur etxeak zientziaren dibulgaziorako egiten duen lanean sakonduko du, DIPC-rekin batera martxan duen Zientziaren bide berriak elkarlanera gehituko baita.

Emakume zientzialarien argitan egitasmoak emakume zientzialariak ezagutzea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere emakumeen kontrako diskriminazioa nabarmena da arlo horretan.

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten emakume zientzialariak ezagutzeko aukera izango du jendeak. Zerk bultzatzen ditu ikertzera, zein galderari erantzun nahi diote, zerk harritu ditu gehien, zer zailtasunei egin behar diete aurre... Eta "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.

Saioak euskaraz izango dira eta haien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podkastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean entzun ahalko dira ere.

Programa irekitzeko, Egoitz Etxebeste Adurizek idatzitako Zientziaren izarrak. Emakumeak, itzaletik argira liburua aurkeztuko du Ana Galarragak urriaren 19an, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.