Emakume haurdunak malariaren menpe
1996/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Malaria oso hedatua dagoen herrialdeetan, haurdun dauden emakumeek osatzen dute arrisku-talderik garrantzitsuena. Nairobin (Kenia) lanean diharduen ikertzaile-talde estatubatuarra ohartu denez, haurdunen kasuan, malariaren parasitoa karenan bakarrik aurkitu daitekeen proteinari itsasten zaio. Batik bat, lehen haurra dakartenak kutsatzen ditu gaitz honek.
Parasitoek sarritan anemia sortzen dute eta horren ondorioz, emakumeek haur txikiegiak izaten dituzte edota erditzea aurreratzen zaie. Malariak kutsatutako zetulak A kondroitina izeneko proteinara zuzentzen dira eta proteina hori karenan baino ez dago. Ikertzaileen ustez beraz, A kondroitina da malaria-parasitoaren hartzaile nagusia.
Defentsa-sistema ez da ohartzen parasitoa sartzen denean, baina portaera bitxi horren arrazoia zein den ez dago garbi: karenari itsasten zaion parasitoa desberdina izatea edota hartzaileak berezitasun batzuk edukitzea. Korapilo hori askatu nahi dute malariaren aurkako txertoa prestatzeko edo besterik ezean, parasitoa karenari itsastea galarazteko. Azken hori ordea, ez da erraza izango bai parasitoa eta bai hartzailea aldakorrak baitira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia