Elur-oreinak Iberiar penintsulan utzitako arrastoak bereziki ugariak dira Kantauri ekialdean

2013/09/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Iberiar penintsulan aurkitutako elur-oreinaren fosilak aztertu dituzte ikertzaileek. Arg. Asier Gómez-Olivencia

Boreas aldizkari espezializatuan argitaratu berri den ikerketa batek elur-oreinak Iberiar penintsulan utzitako arrastoak erakutsi ditu. Izan ere, klima hotzera egokitutako espeziea izanik, gaur egun Ipar Poloaren inguruko eremuetan bizi da elur-oreina, baina Erdi eta Goi Pleistozenoan askoz ere hedatuago zegoen, eta Iberiar penintsularaino ere iritsi zen. Ikerketaren arabera, espeziaren hedapena penintsulako iparraldera mugatu zen, eta, batez ere, Kantauri ekialdean bizi izan zen.

Ikerketan, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Bilboko Euskal Museoko zenbait ikertzailek parte hartu dute, Parisko Historia Naturaleko Museoko Asier Gómez-Olivenciaren zuzendaritzapean. Topatu dituzten elur-oreinaren fosil berrien artean, Iberiar penintsulako zaharrenetarikoak daude. Arlanpe aztarnategian aurkitu dituzte, Lemoan, eta 130-180 mila urte dituzte, hau da, Erdi Pleistozenoaren amaierakoak dira.

Bizkaian bertan, beste 10 aztarnategitan aurkitu dituzte arrastoak; Gipuzkoan, berriz, 17tan, eta Kantabrian, 13tan. Horrez gain, Pirinioen mendebaldean ere, Gironan, badaude elur-oreinaren fosilak dituzten aztarnategi gutxi batzuk (bost). Hortik hegoaldera, ordea, ez dute elur-oreinaren fosilik topatu; antza denez, klima hotzeko beste animalia batzuentzat ez bezala ―errinozero zein mamut iletsuak penintsula osoan hedatu ziren―, erdiko eta hegoaldeko eremuak ez ziren egokiak beretzako.

Alabaina, artikuluan azaltzen denez, elur-oreinaren adierazpen artistikoek muga horiek gainditu zituzten. Izan ere, ikerketan, fosilei ez ezik, adierazpen artistikoei ere jarri diete arreta, eta Europako beste leku batzuetan baino adierazpen gutxiago aurkitu badituzte ere, fosilik gabeko lekuetan daude haietako batzuk, hala nola Guadalajaran. Gómez-Olivenciaren esanean, garai hartan giza taldeen arteko komunikazioa edo/eta migrazioak zeudela iradokitzen du horrek, “leku batean berez ez dagoen materiala topatzen denean bezala, adibidez, sukarriak”.

Elur-oreinaren fosilen eta adierazpen artistikoen hedapena Iberiar penintsulan. Arg. Asier Gómez-Olivencia

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia