}

Eltxoak, bai mokofinak!

1999/09/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Udazkenari toki eginez, udara badoa. Hori gertatzean —teorian beti ere, eguraldi kontuetan ez baitago ezer ziurtatzerik— tenperaturek behera egingo dute poliki-poliki. Urtaroaren aldaketarekin askok tristura sentsazioa izango duten arren, beste batzuk poztu egingo dira. Izan ere, tenperaturak hoztearekin batera, eltxoen ziztadak jasotzeko arriskua ere desagertu egingo da.

Beroarekin azaltzen dira eta hotzarekin ezkutatu. Horra hor eltxoen ezaugarri deigarrienetarikoa. Beste bat? ziztatu egiten dute. Eta ez nolanahi gainera. Aurrean dutena aztertu eta gero, beraientzat onena izan daitekeena aukeratzen dute, eta hari egiten diote ziztada. Gorritasunak, hazkurea eta mina ziztadaren ondorengo sentsazio arruntenak dira; ezohikoenak —alergia kasuetan batik-bat— hotzikarak eta kalentura.

Eltxoek zaporea bereizten dute; horregatik, pertsona batzuk majo dauden bitartean, beste batzuei egiten diete eraso. Ondorioz, gainerakoak lasai asko dauden bitartean, ziztada guztiak jasotzen dituen gizarajoaren irudia arrunta da lagunartean edo familian egonez gero. Sarri entzunak dira, "hauek niri bakarrik heltzen didate" edo "niri ez didate ukitu ere egiten" bezalako esaldiak; eta sarriago entzuna behar bada "odol gozoa izango duzu, guztiak zuregana joaten baitira". Esanez edo entzunez pentsa zitekeena egiaztatzera etorri dira orain Floridako Unibertsitateko ikerlariak, eltxoak zaporeak bereizteko gai direla ondorioztatu baitute.

Aipatu unibertsitateko Jerry Butler entologoak dioenez, hamar pertsonako taldea bilduz gero, talde horretan beti egongo da gainerakoak baino eltxo-ziztada gehiago jasan beharko duen norbait. Ikerlariaren arabera, eboluzioaren historian eltxoak milioika urte irauteko gauza izan badira, arrazoi garrantzitsuenetariko bat, odol freskoa ondo bereizteko duten gaitasuna izango litzateke.

Bereizketa egiteko, eltxoek lehenik usaimena erabiltzen omen dute. Arnasa apur bat hartzen dugun bakoitzean sortzen den karbono dioxidoa eta usaina duten beste substantzia batzuk inguruneko airera pasatzen dira. Aire hori mugitu eta urrundu egiten da. 50 kilometrora urrunduko balitz ere, eltxoak usaintzeko gai izango lirateke. Eltxoak airea usaintzen dutenean, berehala egiten omen dute lotura, ba omen dakite usaina elikagaiaren iturri dela. Usainaren iturriraino iristeko, airearen korronteari jarraitzen diote —zig-zag eran—. Iritsi eta usaimena ezezik, bista ere erabiltzen dute, eta horiekin batera, inguruko gorputzetako berotasunaren detekzioa. Eltxoek hiru aldagai horiek kontuan hartu eta gero erabakitzen dute ziztada bati edo besteari egitea.

Elikagaira nola iristen diren azaltzeaz gain, Floridako unibertsitateko ikerlariek, biktimaren aukeraketan eltxoek jarraitutako irizpide batzuk ere identifikatu dituzte. Aukera guztien artetik, eltxoek beti substantzia erakargarrienen zantzua duten pertsonak edo animaliak hautatzen dituzte. Substantzia horiek oso desberdinak izaten dira. Gorputzak berak sortu eta azalaren bidez kanporatzen diren substantzia naturalak izan daitezke; edo gizakiak berak artifizialki sortutako produktuak, kosmetikoak adibidez; eta gorputzean biltzen den izerdia ere izan daiteke —jakina denez, izerditan bakterioak biltzen dira, eta bakterioak eltxoentzat oso erakargarriak dira—.

Norberaren gorputza eltxoentzat erakargarri bihurtzen duten substantziak bezala, nazka ematen dietenak ere badaude; esate baterako, kolesterolari edo hipertentsioari aurre egiteko erabiltzen diren botikak. Eltxoek kolesterola eta B bitamina derrigorrean behar dute, baina ez dira berez sortzeko gai; hortaz, bai kolesterolean eta bai B bitaminan aberats diren pertsonak estimazio handian dituzte.

Ziztatzaile izateaz gain, eltxoak gaixotasunen eroale ere izan daitezke, baina orohar uste dena baino gutxiago. Butler-ek dioenez, mila eltxotik bakarrak daramatza gaixotasunak sor ditzaketen organismoak. Hala eta guztiz, proportzioa txikia izanda ere, argi dago ziztada-kopurua gutxitzeko bidea aurkituz gero, gaixotzeko aukerak ere murriztu egingo direla.

Eltxoen ziztadei buruzko bitxikeria gehiago ere azaldu dituzte Floridako unibertsitateko ikerlariek, ziztada egiteko tokiari buruzkoa adibidez. Eltxoek ez dute ziztada nolanahi egiten, ba omen dakite gizakien erreakzioa nolakoa izaten den eta; ondorioz, ziztada egiteko toki egokiena aukeratzen dute, gizakia kolpean nekez irits daitekeena. Toki ahalik eta seguruena aukeratu ondoren, lana azkar egiten dute, asko jota 8-10 segunduko ziztada eginez. Konturatzerako gehienetan lana eginda egoten da; eltxoa, berriz, guregandik urruti, tripa beteta lasai-lasai.

Esandakoa gutxi balitz, mokofinak ere badira eltxoak. Izan ere, tokia aukeratu eta pausatzen direnean, ez dira berehala hasten lanean. Lehenik aukeratutako tokia ahoarekin dastatzen dute, gustokoen duten puntua aurkitu arte. Jomuga parean dutela, eztena indarrez sartu eta bizkor-bizkor zenbait angelutan mugitzen dute, elikagaia hartzeko kapilarrarekin topo egiten duten arte. Prozesua laburra da, baina ez bat-batekoa. Ez pentsa, defentsarako aukeraren bat edo beste badugu.

7Kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia