}

Elikagaien gurpila

1997/10/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Orain arte elikagaien osagaiak aztertu ditugu, batzuk sakonki eta beste batzuk, berriz, azaletik. Osagaien arabera elikagaiak lau multzo edo taldetan sailkatzen dira. Lehen taldean elikagai energetikoak biltzen dira, hau da, gorputza energiaz hornitzen dutenak eta hauetan bi multzo daude: karbohidratoetan aberatsak direnak (ogia, zerealak, arroza, pasta —makarroiak, espagetiak, kaneloiak, torteliniak, pizza, fideoak,…—, irina, azukrea, gailetak, gozokiak —karameluak, gominolak,…—) eta koipeetan aberatsak direnak (olioa, gurina, margarina eta urdaia). Karbohidratoetan eta koipeetan aberatsa den gozogintza ere talde honetan kokatzen da (kruasanak, palmerak, bollycaoak, donutsak, napolitanak, te-pastak, …).

Bigarren taldea elikagai plastikoek osatzen dute. Hauen ezaugarri nagusia proteinak edukitzea da. Egituratze-funtzioa betetzen dute. Talde honetan daude esnea eta esnekiak (gazta, jogurta, mamia, esne hartzitua, irabiakiak,…) haragia, arraina, arrautza eta hestebeteak.

Hirugarren taldea erregulatzaileen taldea bezala ere ezagutzen da. Izan ere, bitamina eta gatz mineral gehien dituzten elikagaiek osatzen dute, fruta eta barazkiek, alegia.

Azkenik, osagai guztietatik apur bat duten elikagaiek osatutako taldea dugu, talde misto bezala ezagutzen dena. Talde honetan daude patata, lekak eta fruitu lehorrak.

Hemen aipatu ez ditugun eta aurreko taldeetan sartu ezin diren beste produktu batzuk ere arruntak dira oso sukaldean: gatza, ozpina eta beste espezieak. Hauek elikagaien laguntzaile gisa jokatzen dute.

Azaletik baino ez ditugu aipatu guziak, baina lasai: hurrengo ataletan patxadaz hitz egiteko beta izango dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia