Elikagai ez-transgenikoak landare transgenikoetatik
2002/03/06 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hori lortzeko, transgeneaz gain, ehunarentzat espezifikoa den edo kimikoki induzi daitekeen gene errekonbinante bat ere garraiatuko luke kaseteak. Gene horrek, ehun espezifiko batera heldu, edo substantzia kimiko eragile batekin kontaktuan jartzerakoan, kasetea moztuko luke landarearen jatorrizko ADN-katetik, eta zati arrotz osoa kanporatu.
Adibidez, nematodoekiko erresistentzia duen soja-landarea. Nematodoek landarea sustraietatik erasotzen dutenez, horien aurkako erresistentzia-genea sustraietan kokatu beharko litzateke. Aldiz, lekatik transgenea kentzeko, gene errekonbinante berria induzituko lukeen substantzia kimiko biodegradagarria erabiliko litzateke. Honela, landarea nematodoekiko erresistentea den arren, lekek ez dute transgenerik izango.
Orain arte egindako saiakeratan, landare gutxitan lortu da gene arrotza guztiz garbi moztea. Arazoak daude substantzia kimiko eragileek landare-ehunetan daukaten barneratze-tasa baxuagatik, baita mozketa ostean ere geratzen diren ADN arrotzaren arrastoekin ere. Gainera, nahiz eta genea guztiz kentzea lortu, ekoiztutako proteina arrotza ehunean gelditzen da, horrek dakartzan ondorioekin.
Teknika horrek ekarriko lituzkeen onuren artean: polen bidez garraiatutako gene arrotzen kopurua murriztuko litzateke, hazietatik kenduz hurrengo belaunaldian ez litzateke agertuko eta elikagai transgenikoa ez-transgenikotik banatzeak dakarren kostu ekonomikoa gutxitu edo guztiz ezeztatuko luke. Horrekin guztiarekin jendeak landare transgenikoekiko duen mesfidantza gainditzea dute helburu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia