Elikadura-sistema oinarritik aldatzea ezinbestekoa da jasangarria izateko

2022/05/19 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. ElasticComputeFarm/Pixabay

Ingurumen-larrialdiari aurre egiteko, desazkundea ezinbestekoa dela proposatzen ari dira gero eta zientzialari gehiago. Baina, hazkunde ekonomikoa murriztuta soilik ez litzateke lortuko elikadura-sistema jasangarria izatea, Nature Food aldizkarian argitaratutako ikerketa berri batek erakutsi duenez.

Desazkundearen hainbat eszenatoki simulatu eta horiek elikadura-sistemak izango lituzketen ondorioak aztertu dituzte. Zehazki, berotegi-gasen isurietan izango luketen eragina kalkulatu dute; izan ere, isuri guztien heren bat elikadura-sistematik datoz. Atera duten lehen ondorioa da egungo elikadura-sistema ez dela jasangarria, berez, edozein dela ere gizarte- edo ekonomia-eredua.

Hala, egungo elikadura-sistema murriztuta soilik ez lirateke berotegi-efektuko gasen isuriak murriztuko. Aitzitik, ikertzaileek kalkulatu dute beharrezkoa litzatekeela elikadura-sistema globala errotik aldatzea. Batetik, dieta aldatu beharko litzateke, elikadura orekatuago baten alde, barazki askoz gehiagorekin eta animalia-jatorriko produktu gutxiagorekin. Bestetik, eraginkortasun handiagoz eta gutxiago poluituz ekoitzi beharko lirateke elikagaiak; esaterako, ongarriak gutxiago eta hobeto erabiliz. Eta, azkenik, karbonoari prezioa jartzeak ere lagunduko omen luke nekazariek emisio txikiagoko ekoizpenak lehenestea.

Kalkulatu dute, bide horretatik joko bagenu, isuri neutroko elikadura-sistema bat lortu ahal izango litzatekeela, mende honen bukaerarako; eta, bide batez, elikadura osasungarriago bat lortuko litzatekeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia