Elhuyar Fundazioa LREC 2008 biltzarrean
2008/06/01 Aztiria Urtaran, Josu - Adimen Artifiziala Hizkuntzan Unitateko koordinatzailea Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
LREC biltzarra ( Language Resources and Evaluation Congress ) hizkuntza-teknologien ikerketa eta ebaluazio mailako biltzarrik nagusietako bat da. Aurtengo edizioa Marrakechen izan da, maiatzaren 26tik ekainaren 1era.
LREC biltzarra foro ezin hobea da hizkuntza-teknologien arloko ikerketa-proiektuak ezagutu, joera nagusiez jabetu eta I+G+Bko jardueren emaitzak ezagutarazteko. Horretan ari garen ikerketa-taldeontzat oso garrantzitsua da han izatea, eta Elhuyar Fundazioko I+G+Bko lantaldearen presentzia handia izan da aurtengo edizioan.
LREC 2008ko biltzar nagusian, bi ikerketa-proiektu aurkeztu ditu Elhuyar Fundazioak. Batetik, WNTERM proiektua aurkeztu du Eli Pociellok. WNTERM zientzia eta teknologiaren domeinu-ontologia eleaniztuna garatzeko proiektua da (euskaraz eta ingelesez), eta IXA taldearen EusWordNet eta Elhuyar Fundazioaren Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoaren baliabideak erabiltzen ari gara ezagu- tza-basea eratzeko. Bestetik, CorpEus ( corpeus.elhuyar.org ) eta Elebila ( www.elebila.eu ) tresnen eraginkortasuna are gehiago hobetzeko egin den ikerketaren berri eman du kongresuan Igor Leturiak.
Tailerrak
Biltzar nagusiaz gainera, hainbat workshop egin dira, ikerketa-arlo jakinetako tailer praktikoak. Horietako batean, Building and Using Comparable Corpora workshop -ean, Corpus konparagarrietatik abiatuta terminologia elebiduna erauzteko teknikak garatzeko egiten ari garen ikerketa-lanaren eta esperimentuen berri eman dute Xabier Saralegi eta Iñaki San Vicentek.
Igor Leturiak eta Iñaki San Vicentek beste aurkezpen bat egin dute Web As Corpus workshop -ean. Hain zuzen ere, Corpus espezializatuak Internetetik automatikoki eratzeko ikerketa-proiektu bat dugu martxan, eta proiektuaren orain arteko emaitzak aurkeztu ditugu.
Hizkuntza-teknologien ikerketa eta garapenean, hainbat baliabide eta tresna garatu ditugu orain arte, ibilian-ibilian bagoaz aurrera, eta gure lanaren emaitzak nazioartean ezagutarazteko aukera eman digu LREC 2008 biltzarrak.
Informazio gehiago:
· LREC 2008
· The 4th Web as Corpus
· Building and Using Comparable Corpora
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia