}

Ekido basatiak galzorian

2003/01/28 Elhuyar Zientzia

Zaldiak aspaldian liluratu zuen gizakia. Miresmen hori, hala ere, ez da nahikoa izan ekido basatiak babesteko eta orain galtzear daude. Hori ikusita, World Conservation Union (IUCN) erakundeak zaldi, asto eta zebra basatiak babesteko programa bat jarri du martxan. Programa horren bidez, zazpi espezie basatiak babestu nahi dira; Afrikako asto basatia, Asiako asto basatia, kiang Tibeteko asto basatia, Przewalskiren zaldia eta hiru zebra-espezie: Grevy zebra, mendiko zebra eta lautadetako zebra.

Ekido horietako gehienak desertu eta sabanetan bizi dira eta, ikertzaileen arabera, espezie horien galerak ekosistemaren beraren galera adierazten du. Zerrenda horretan desagertzeko arrisku handiena dutenak argazkiko Przewalskiren zaldia eta mendiko zebra dira.

Przewalskiren zaldia dagoeneko galdutzat ematen da basabizitzan eta gatibu hazi eta ugaltzeari esker bizi da. Mendiko zebraren kasuan, berriz, populazioaren erdia galdu dela uste da. Gainera, zebra horretan bi subespezie daude eta gurutzatuz gero, ezaugarri genetikoak galdu egin daitezke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia