}

Ehiztaria ehizatzeko transgenikoa

2009/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ehiztaria ehizatzeko transgenikoa
2009/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Whitney Cranshaw/Colorado State University)

Artasoroetan izurrite handiak eragiten dituen intsektu bati, Diabrotica virgifera virgifera koleopteroari, aurre egiteko gai den arto transgenikoa sortu dute Europako eta Estatu Batuetako hainbat zientzialarik, Theodoor Turlings buru zutela. Zehazki, intsektu horren harrapari diren nematodoak erakartzeko konposatu bat sintetizatzeko genea sartu diete hainbat arto-landareri.

Oreganotik (E)-β-kariofileno deritzon konposatua sortzeko beharrezko genea hartu, eta komertzialki saltzeko hautatutako arto-landareei sartu diete. Berez, defentsa-sistema natural bat da aipatutako konposatua, eta hainbat arto-barietate gai dira hori sortzeko, baina komertzialki saltzen diren barietate gehienek gaitasuna galdua dute, barietateok sortzeko egindako gurutzaketen ondorioz.

Ikertzaileek berri eman dutenez, sortutako arto transgenikoak etengabe sortzen du (E)-β-kariofilenoa, genea denbora guztian aktibatuta dagoelako. Hurrengo pauso batean lortu nahi dute arriskuan dagoenean bakarrik sortzea konposatua eta erakartzea nematodoak. Hala ere, adierazi dute lortutakoa konponbidea hobea dela artasoroak intsektizidaz lainoztatzea baino.

1
257
2009
10
006
Bioteknologia; Ekologia
Albisteak
10

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia