}

Eguzkiaren koroa zergatik berotzen den azaldu dute

2011/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Eguzkiaren koroa zergatik berotzen den azaldu dute
2011/03/01 | Elhuyar
Berrehun aldiz handiagoa da tenperatura Eguzkiaren koroan gainazalean baino. Arg.: NASA.

Plasma-zorrotadek eragin lezakete koroa gainazala baino beroagoa izatea

Azalpen posible bat aurkitu diote Eguzkian aspalditik argitu gabe zegoen fenomeno bati: Eguzkiaren gainazaletik koroara dagoen tarte txikian, tenperatura izugarri igotzen da; koroan gainazalean baino berrehun aldiz handiagoa da, hain zuzen ere. Lockheed Martin Eguzki eta Astrofisika Laborategiko ikertzaile batzuek proposatu dute tenperatura-alde hori Eguzkiak tarteka igortzen dituen plasma-zorrotaden ondorio izan daitekeela. Science aldizkarian eman dute egindako ikerketaren berri.

Ez da lehenengo aldia esaten dela plasma-zorrotadak izan daitezkeela berotze bortitz horren eragile. Plasma-zorrotadez gain, beste azalpen posible batzuk ere proposatu izan dira fenomeno horrentzat; esate baterako, esan izan da Eguzkiaren barruko mugimendu bortitzen ondorioz eremu magnetikoan gertatzen diren gorabeherek eta asaldurek eragin dezaketela. Orain arte, ordea, ez dute modurik aurkitu proposatutako horiek probatzeko. Plasma-zorrotaden kasuan, adibidez, jotzen zen hotzegiak zirela koroan halako beroketa eragiteko. Hain zuzen, Eguzkiaren koroan milioi gradu gutxi batzuetakoa da tenperatura, eta, gainazalean, berriz, zenbait dozena mila gradukoa.

Orain, ikertzaileek puntako teknologia izan dute lagun. Hinode misio espazial japoniarrean eta NASAren Eguzki Dinamikaren Behatokian (SDO) lortutako datuak erabili dituzte. Lehenengoak Eguzkiaren gainazaleko argazkiak egiten ditu uhin-luzera ikusgaietan, 150 kilometroko bereizmenarekin. Bigarrenak, berriz, 20.000 ºC eta 1.000.000 ºC arteko tenperaturak neur ditzake, argi ultramoreen tarteko zortzi uhin-luzeratan har baititzake irudiak.

Bada, lortutako datuetan ikusi dute plasma-zorrotadak koroarako bidean ehunka mila gradura arte berotzen direla. Zorrotaden maiztasuna eta intentsitatea kontuan hartuta, posible ikusten dute koroan neurtzen diren tenperaturak hartzeko behar den energia askatzea haietatik.

Hala ere, Nature aldizkariaren webgunean adierazi dute "ez direla esaten ari hori denik koroa berotzen duen mekanismo bakarra". Eta ez dakite nola sortzen diren plasma-zorrotadak, ezta nola berotzen diren ere. Susmoa dute horren atzean eremu magnetikoaren asaldurak egon daitezkeela, koroaren tenperatura handia azaltzeko proposatu izan diren asaldura horiek berak.

1
273
2011
3
006
Astrofisika; Fisika
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia