Eguzkiak ilargiari eman ziona
2000/11/28 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Urte asko dira gizakiak ilargiko harriak jaso zituenetik. Harrigarria bada ere, harri horien analisiaren inguruko eztabaidak ez dira inolaz ere bukatu. Harri horiek nitrogeno atomoak dituzte, baina hori ez da batere arraroa. Eztabaida atomo horien jatorrian datza. Zergatik?
Adituek diotenez, eguzki sisteman dauden planetak eta eguzkia bera aldi berean sortu ziren. Baina materia guztia izar handi bihurtu ordez, ezagutzen dugun eguzkia eta inguruan biraka ari diren planetatxo batzuk eratu zituen. Planeta horiek (gure Lurra barne), eguzkiak igorrita, partikulen bonbardaketa indartsua jasotzen dute. Jario horri eguzki haizea deritzo. Aipatu behar da, egun hauetan, NASAko Stardust zundak azken hogei urteetan izan den eguzki haizearen ekaitzik handiena jasan duela.
Kimika arrotza
Eguzki sistema sortu zenean eguzki haizea bortitzagoa zen. Izan ere, gaur egungo planeten konposizio kimikoan igartzen da. Ilargian dagoen karbono, helio edo neona eguzki haizearen aztarnak dira. Nitrogenoaren kasuan, ordea, eguzkitik iritsitakoa ez da nahikoa analisien emaitzak azaltzeko. Eguzki haizean zegoen nitrogeno mota ez da ilargiko azaletik jaso zen mota bera.
Konposizio kimikoa aztertzeko kontuan hartu behar den beste ekarpen bat meteoritoetatik dator. Ilargian, beste planetetan bezala, meteorito asko erortzen dira. Talkaren ondorioz hango zorua berotzen da eta zenbait atomo lurrundu egiten dira (helioa, neona eta abar). Nitrogenoa, aldiz, zoruko beste elementuekin loturak sortzen dituenez, ez du aldaketarik izaten prozesu horietan. Beraz, elementu horren iturri berriak bilatu behar dira.
Science aldizkarian argitaratutako artikulu batek aukera asko eskaintzen ditu. Eroritako meteoritoen nitrogenoa izan daiteke horietako iturri bat. Beste aukera bat ilargiaren barnetik azaleratutako nitrogenoa da. Agian, lurraren atmosferako osagai ugariena nitrogenoa denez, goiko geruzetatik ilargiraino nolabait pasatzea gerta liteke.
Zientzialariek argi daukaten gauza bakarra da ilargiko nitrogenoak bi jatorri mota dituela, eguzki haizea eta beste nonbaitekoa. Bigarren nitrogeno mota hodar aleen azalean izaten da eta, beraz, proportzioa handiagoan dago azalera handiko aleetan.
Azkenik, ez da ahaztu behar gaur egun ere eguzki haizearen aktibitatea ez dela desagertu eta gaur egun jario horrek dakarren nitrogeno mota ez dela hasierakoaren berdina. Hasierakoaren konposizioa Jupiterren atmosfera sorreran izugarrizko eragina izan zuen eta, horregatik, zientzialariek planeta handia eredutzat hartzen dute analisi mota horietan.
Etorkizun gertuan martxan jarriko den NASAko misio baten helburua (Genesis misioa) eguzkiaren ikerketa da. Bukatutako SOHO misioaren ordezkoa izango da, beraz. Misio horretan datu asko jaso ziren baina oraingo teknologiak analisi zehatzagoak egiteko aukera eskaintzen du. Genesis horretan eguzki haizearen laginak jasoko dira, besteak beste, nitrogeno motaren analisiak egiteko. Adituek diotenaren arabera, datu horiek ezinbestekoak dira ilargiaren konposizio kimikoaren misterioa argitzen hasteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia