EAEko etxebizitza sozialak birgaitzean berriztagarriak ezartzeko aukerak aztertu dituzte
2025/08/06 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EAEko gizarte-alokairuko etxeak birgaitzean, energia fotovoltaikoa eta bero-ponpak konbinatzeko zein eraikin diren egokienak identifikatu ditu EHUko ENEDI taldeak. Ikerketa egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Zero Planean oinarritu dira, Europar Batasunak bultzatu nahi dituen teknologiak ere kontuan hartuta. Ondorioztatu dutenez, oro har, Arabako eraikinek ematen dute aukerarik handiena sistema ezartzeko.
Izan ere, energia-kontsumo osoaren % 40 eraikinei dagokie. Eraikuntzaren arloan Europan indarrean dagoen legediaren arabera, energia berriztagarrietan oinarritutako birgaitze-ekintzak egin behar dira energia- eta klima-helburuak lortzeko. EAEko alokairu publikoko parkeak 7.600 etxebizitza baino gehiago dauzka, eta haietan sistema hibridoak (teknologia fotovoltaikoa eta bero-ponpak) ezartzeko zer aukera dagoen aztertu du, beraz, ENEDI ikerketa-taldeak.
Sistema hibrido hauetan, teilatuko panel fotovoltaikoetan sortutako elektrizitatea bero-ponpak elikatzeko erabiltzen da. Bero-ponpek, berriz, aireko beroaz baliatuz, eta hozte-ziklo termodinamiko baten bidez, beroa transferitzen dute erradiadoreetara. Alokairu publikoko eraikinetan, helburua da eskari termikoa zentralizatzea eta bero-ponpatik eraikin osora banatzea da helburua.
Horretarako, eraikin egokienak Araban daudela ikusi dute. Hain zuzen, Araban, oro har, eraikinak ez dira oso garaiak, eguzki-energia eskuratzeko ahalmen handiagoa dute, eta eskari termiko txikiagoa dute. Beraz, ondorioztatu dute proposatutako hibridazioa oso egokia dela mota horretako gizarte-alokairuko eraikinak energiaren ikuspegitik birgaitzeko.
Sortu duten metodologia aplikagarria da beste toki batzuetan ere, eta aurreratu dute badutela beste aldagai batzuk sartuz hobetzeko asmoa ere, hala nola, ura berotzeko sistema.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia