Dortoka berdeak gaixo
1992/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urte batzuk igaro dira EEBBetako Floridako artxipelagoan itsas dortokengan azal epidemia bat zabaldu zenetik. Azal-epidemia honen izena fibropapiloma da eta itsas dortoken populazioa murriztu egin du.
Sortutako tumoreek tenis-pilota baten tamaina dute eta narrastien zatirik haragitsuenetan garatzen dira; ahoan, begietan eta hegaletan, alegia.
Infekzioak duen eragina hiltzeko modukoa da, zeren eta dortokek ezin baitute ez igeri egin, ez ikusi, eta ez elikatu. Oraindik azal-fibropapilomaren jatorria zein izan daitekeen ez dakite.
Ikerlariek poluzioaren edo birusen baten eragina izan daitekeela pentsatzen badute ere, orain arte ez dute seguru ezer ere erabaki. Bitartean, epidemia kontrolatzeko aurkitu den bide bakarra kirurgi-ebaketarena izan da. Horregatik, uda honetan bere ateak zabaldu dituen Hideen Harbor-ko Dortoka-Ospitalean hirurogeitamabost dortoka tratatu dituzte kirurgikoki.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia