}

Donostiara iritsi da dialisia errazten duen sistema

1995/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Otsailaren hasieran aurkeztu zuten Donostiako Arantzazuko Amaren Ospitalean HomeChoice izeneko dialisi-aparatua. Kanadatik ekarritako eredua da eta ospitaleko dialisi-tratamendu luzeak ordezkatu ahal izango dituela uste da. Sistema honen ekarpenik nagusiena gaixoaren bizi-kalitatea hobetuko duen erabilgarritasuna da, etxean bertan eta gaixoa lotan dagoela burutzen baitu bere lana.

HomeChoice 11 kilotako dialisi-makina automatikoa da, erabilterraza, gainera. Giltzurrunek bere kaxa egiterik ez duten garbiketa-funtzioa HomeChoice-k pazientea lo dagoela burutzen du. Biharamunean, ohetik jeiki orduko, dialisi aparatuaren monitore txikian azalduko diren datuak behatu eta tentsioa neurtu baino ez du egin beharko.

HomeChoice aparatua peritoneoaren dialisi-kasuetan soilik erabil daiteke. Barrunbe abdominala eta barrunbeko organuak estaltzen dituen mintz serosoan zehar garbitzen dira odolaren ezpurutasunak, garbiketa-likidoa peritoneoan zehar iragazi eta odola hondakinez arazten duelarik.

Dialisi-teknika ospitaletako makinek erabiltzen duten berbera da. Sistema berriaren abantaila, beraz, independentzian datza: gaixoak, egunez behinik behin, ahaztu ahal izango ditu ospitalean emandako ordu luzeak eta ohera sartzean bera izango da bere buruaren mediku eta arduraduna.

1994ko Osasun Txostenean bildutako datuen arabera, Euskal Autonomi Elkartean 1.600 lagun dago egoera honetan. Giltzurrun-transplantearen aukera inoiz baztertzen ez badute ere, ordezko tratamenduetara ohitu behar izaten dute. Gaixoen erdiak dialisi tratamendua jarraitasunez hartu behar izaten du. Hauetariko gehienek –640 inguruk– hemodialisia behar dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia