}

DNA, Asia eta giza eboluzioaren aberastasuna

2012/03/22 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

dna-asia-eta-giza-eboluzioaren-aberastasuna
Homo sapiensen ezaugarri moderno eta arkaikoen nahastea duten garezurrak aurkitu dituzte Txinan, duela 11.000 urtekoak. Irudiko itxura hau izango zutela uste dute ikertzaileek. Arg. Peter Schouten

Urte batzuez geroztik indarra hartzen eta hedatzen ari da giza eboluzioaren ikuspegi konplexuago, nahasiago eta aberatsago bat. Eta, horretan, besteak beste, zeresana izan dute Asian egindako hainbat aurkikuntzak. Zalantzarik gabe, Floreseko gizakia da Asian azken hamarkadan izandako aurkikuntzen artetik arreta eta zalaparta handien piztu duena. Aurkikuntzak Homo sapiens ez izateko probabilitate handia duen gizaki bat gehitu zuen gure zuhaitz genealogikora, bizirik, Indonesiako uharte batean, duela 18.000 urte bakarrik. Hobbit ezizenaz ezagunagoa, 2004an izan genuen gizaki txiki harrigarri haren berri, eta, harrez gero, bederatzi banakoren hezurdura-zatiak aurkitu dituzte.

Fosilak duela 38.000-18.000 urte artekoak diren arren, Flores uhartean egindako aurkikuntzek gizaki hura duela 95.000 eta 13.000 urte artean bizi izan zela iradokitzen dute; hala izatera, han zegokeen Homo sapiens Asian hedatu baino lehenagotik, eta bizirik iraun zuen ondoren oso luze.

Garai hartakoak diren beste ez-ohiko giza fosil batzuen berri joan den astean bertan izan genuen. Txinaren hegoaldean aurkitutako lau garezurren azterketen berri eman zuten PLoS ONE aldizkarian: azterketen arabera, duela 14.000 eta 11.000 urte artekoak dira, elkarren artean oso antzekoak, eta Homo sapiensen ezaugarri morfologiko moderno eta arkaikoen nahastea dute. Ikertzaileek hipotesi nagusi bat dute ezaugarri arkaikodun fosil hain gazteak azaltzeko: haien esanean, litekeena da Homo sapiensaren migrazio goiztiar baten ondorengoak izatea, isolatuta iraun zutenak hurrengo migrazio-aldietan iritsi zirenekiko. Baina izan litezke Asian eboluzionatu zuen beste espezie bateko kideak, edo hibridoak...  Edozein kasutan, ezin interesgarriagoa da aurkikuntzaren testuingurua: Homo sapiens moderno garbiak ez diren gizakiak jarri ditu giza eboluzioaren mapan, lur kontinentaletan bizirik, gure arbasoak ehiztari-biltzaile izatetik nekazaritzarako trantsizioaren lehen pausoak ematen ari zen garaian. Momentuz, orein gorrien haitzulotarrak izena jaso dute.

Halako aurkikuntzekin batera, antzinako DNAren analisiak modu zirraragarrian korapilatu du giza eboluzioaren historia. 2010ean urteko aurkikuntzen artean sailkatu zen neandertalaren genoma deskodetzea, eta, jakitea, gaur egungo gizakiok neandertalen gene batzuk gordetzen ditugula gure genometan. Afrikarrek ez beste denek ditugu gene horiek, eta horrek adierazten du bi espezieen arteko hibridazioa gertatu zela “ordezkapena”ren historian noizbait.

Floresko eta orein gorrien leizeko jendearen DNArik ezin izan da aztertu gaurdaino, eta, hortaz, ez dakigu haien arrasto genetikorik gordetzen ote den gaur egungo Asiako populazioan. Zer nolako itxura zuten ez dakigun beste jende batenak gorde direla badakigu, ordea. Izan ere, 2010ean ere bai, Siberiako Denisova leizean aurkitutako hezur zati txiki baten azterketa genetikoaren emaitzak eman ziren ezagutzera. Duela 40.000 urte bizi izan zen emakume gazte baten hatz txikiko hezur zati bat zen. Behatz baten beste hezur zati batek eta hagin batek osatzen dute Denisovan aurkitutako altxor osoa, baina duela ia deus ez bezala, aski izan da DNA azterketei esker jakiteko ez zela Homo sapiens, ez Homo neanderthalensis ere, duela 1.000.000 urte partekatu zuela haiekin arbaso komun bat, eta Melanesiako egungo biztanleek gordetzen dituztela populazio haren arrastoak beren geneetan.

Aurkikuntza horien bidez, migrazio eta espezieen ordezkapen garbi eta hibridaziorik gabearen irudia itxuragabetu, eta giza eboluzioaren historia berrienaren irudi konplexuago bat azaleratu da indartsu azken hamarkadan. Paleoantropologoen esanean, espero izatekoa zen, Europan eta Afrikan ikertutako askoa Asian ikertutako gutxiarekin aberastu ahala, eta antzinako DNAren analisi-teknikak garatu ahala. Sorpresa gehiago ditugu zain, giza eboluzioaren historiari irrikaz jarraitzen diogunon zorionerako.

Berrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia