Dinosauroen eboluzioari buruzko hipotesi berri bat proposatu dute

Dinosauroen eboluzioari buruzko hipotesi berri bat proposatu dute


Dinosauroen zuhaitz filogenetikoa berregituratu behar litzakeela proposatu dute Cambridgeko Unibertsitateko eta Londresko Historia Naturalaren Museoko ikertzaileek, Nature aldizkarian argitaratu duten lan batean.

Ia 130 urtez, bi talde handitan sailkatu dira dinosauroak: ornitiskioak eta sauriskioak. Hegaztien erako pelbisa izatea da ornitiskioak elkartzen dituen ezaugarria, eta hor daude, esaterako, Iguanodon, Triceratops eta Stegosaurus dinosauroak. Sauriskioek, berriz, narrastien erako pelbisa dute. Azken horien artean daude teropodoak, hankabiko haragijaleak, Tyrannosaurus rex, kasu, eta sauropodoak, lauhankako belarjale erraldoiak, Diplodocus, kasu.

Orain, dinosauroen ezaugarri anatomikoen berrazterketa sakon bat egin dute ikertzaileek, 457 ezaugarri kontuan hartuta. Eta ondorioztatu dute teropodoak eta ornitiskioak talde berean elkartu behar liratekeela (Ornithoscelida taldean), 21 ezaugarri berdin baitituzte. Bestalde, sauriskioen taldean geldituko lirateke herrerasauroak sauropodoekin batera. Teropodoak bezala, hankabiko haragijaleak dira herrerasauroak, eta badituzte antzeko ezaugarri batzuk haiekin; baina, ikertzaileen ustez, bakoitzak bere aldetik garatutakoak dira ezaugarri horiek.

Dinosauro guztien arbasoak nolakoak ziren ere iradokitzen du eredu berri honek. Oso gai eztabaidatua izan da hori beti, baina azken urteetako ikerketen arabera hankabikoak eta txikian ziren lehen dinosauroak. Bada, hipotesi berri honek indartu egiten du ideia hori.

Dietari dagokionez berriz, omniboroak zirela ondorioztatu dute. Eta, azkenik, orain arte Gondwanan (hego hemisferioan) sortu zirela jotzen bazen ere, iradoki dute litekeena dela Laurasian (ipar hemisferioan) sortu izana, eta uste baino lehentxeago.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Eboluzioa