}

Dinosauro handienetako baten hezur-arrastoak

2001/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Egiptoko Bahariya oasian, Paralitican stromeri izeneko dinosauroaren hezurdura-zatia aurkitu dute. Lehen ere aurkikuntza paleontologiko garrantzitsuak egin dituzte toki horretan eta dinosauro-fosilak ezusteko atsegina eman die arkeologoei.

Kretazeo garaian, hau da, duela 146-65 milioi urte inguruan, bizi zen dinosauro hori inoizko handienetakoa izan zen: 70 tona pisatzen zituen eta 24-30 metro luze zen. Titanosauridoen familiakoa, lepo eta buztan luzeak zituen eta belarjalea zen, familiako beste espezieen antzera. Baina deigarriena bere neurri izugarriak dira: bere besondoko hezurrak edo humeroak 1,69 m neurtzen zituen, eta Kretazeoko hurrengo dinosauro handienaren humeroa baino % 14 luzeagoa zen.

Dinosauroaren fosilak dituen arrasto batzuk direla medio, hil ondoren beste dinosauro batek jan zuela uste dute. Izan ere, hezurrak ez daude giltzaduretatik askatuta eta era bitxian daude sakabanatuta.

Horretaz aparte, aztarnategi berean garai hartako landareen arrastoak ikusi dituzte eta, laginak aztertu ondoren, lur horiek tarteka agortzen ziren sakonera gutxiko urek estaltzen zituztela ondorioztatu dute. Beste fosil batzuk ere azaldu direnez, azterketak egiten jarraitzeko asmoa dute, dinosauruari eta bere inguruari buruzko datu gehiago bildu eta ekosistema osoa nolakoa izan zen jakin ahal izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia