}

Dibertsitate genetikoa murriztu egin da 600 espezie baino gehiagotan, azken 30 urteetan

2025/01/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

dibertsitate-genetikoa-murriztu-egin-da-600-espezi
Bereziki ugaztunetan eta hegaztietan ari da galtzen dibertsitate genetikoa. Hori da, esaterako, Zeelanda Berriko kakapuaren kasua (Strigops habroptila). Arg. Zeelanda Berriko Kontserbazio Departamentua

Azken 30 urteotako ikerketen metaanalisi zabal batek agerian jarri du espezie gehienak biodibertsitate genetikoa galtzen ari direla; bereziki, ugaztunak eta hegaztiak. Ekosistema lurtar eta itsastarretako era guztietako 628 espezie aztertu dituzte: animaliak, landareak, onddoak eta kromistak; alegia, guztiak, bakterioak eta arkeoak izan ezik. Emaitzak Nature aldizkarian argitaratu dituzte, irekian (https://www.nature.com/articles/s41586-024-08458-x): espezieen bi hereni eragiten die galerak; tartean, baita kalterik nabaritzen ez zitzaien espezieei ere.

Dibertsitate genetikoa oso lotuta dago egokitzeko ahalmenarekin; adibidez, gaixotasun baten agerraldia gainditzeko, edo klima-aldaketa baten ondotik bizirauteko. Horrenbestez, emaitza oso da kezkagarria, ikertzaileen esanean. 

Jakina da giza jarduera batzuek (habitatak suntsitzeak, poluzioak…) espezie batzuk desagerrarazi dituztela, eta beste batzuk desagertzeko arriskuan jarri dituztela. Ikerketa honek frogatzen du galera ez dela espezie-kopuruan bakarrik gertatzen, baizik eta espezie bakoitzaren dibertsitate genetikoan ere. 

Bestalde, ikertzaileek jakinarazi dute kontserbazio-neurriek dibertsitate genetikoa galtzeko arriskua apaltzen dutela. Hori bai, behin murriztuz gero, oso zaila da leheneratzea; batzuetan, ezinezkoa. 

Azterketaren mugak edo hutsuneak ere aitortu dituzte; esaterako, Afrika eta Ekialde Hurbileko datu gutxi dituzte.

Hala ere, berretsi dute dibertsitate genetikoaren galera nabarmena dela mundu osoan eta espezie askotan, eta kontserbazio-neurriek eragin onuragarria dutela. Hortaz, dei egin dute kontserbazio-estrategiak bultzatzeko.