}

DENIS DIDEROT

1995/01/01 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Entziklopedista frantses hau Langres-en (Marne Garaian) jaio zen 1713.eko azaroaren 5ean. 1723.etik 1728. urtera bitartean jesuiten ikastetxe batean ikasi zuen eta 1729. urtean Pariseko unibertsitatean aritu zen 1732an arteetan doktoratu zen arte. Hurrengo hamar urteetan egin zuenaren berri zehatzik ez bada ere, gai ezberdin asko jorratu zuela uste da.

1743. urtean Antoinette Champion-ekin ezkondu zen isilpean. 1746an, Pentsamendu Filosofikoak (Pensées Philosophiques), bere lehen obra idatzi zuen, baina Pariseko parlamentuak gaitzetsi egin zuen argitaratu eta hilabetera. Urte hartan bertan, D’Alembert matematikariarekin batera, Cyclopaedia de Chambers izeneko entziklopedia inglesa frantsesera itzultzeko kontratua sinatu zuen. 1748. urtean bere lehenengo elaberria argitaratu zen; Bitxi Indiskretuak deitutakoa, hain zuzen ere.

Honekin batera, matematikako gai ezberdinei buruzko txostena argitaratu zuen. Hurrengo urtean gartzelaratu egin zuten, bere saiakera batean eboluzioa aukera natural bat izan zitekeela aipatu zuelako. Hala eta guztiz ere, kontratua sinatu zuenetik ez zion entziklopedia itzultzeko lanari utzi, eta ondorioz, 1751.ean lehen alea argitaratu zen.

Baina agintariek lan hura gaitzetsi egin zuten, bertan absolutismo monarkikoak eta ortodoxia erlijiosoak onartzen zituzten teorien aurkako iritzi asko zegoelako. Horregatik 1759. urtean entziklopediaren argitarapen-prozesua gelditu egin zen. Hala ere, Diderotek ezkutuan entziklopedia itzultzen segitu zuen. Beste lankideek (D’Alembert barne) utzi egin zioten, gartzelara sartzeko arriskutan egon nahi ez zutelako. 1772an bukatu zen entziklopedia argitaratzeko prozesua, eta entziklopedia handietan lehena izan zen; mende hartako iritzi zientifiko guztiak jendearen esku jarri baitzituen.

Urte haietan zehar beste lan asko ere idatzi zuen. 1757an Seme Naturala (Le Fils Naturel) eta 1758an Familiako Aita (Le Pére de Famille) obra dramatikoak argitaratu zituen, eta hauen ondoren bi idazki teoriko: Dorval-ekin Solasaldiak (Entretiens avec Dorval) eta Poesia Dramatikoari buruzko Hitzaldiak (Discours sur la Poésie Dramatique). Hauetan “drama burgesarekiko” bere ikusmoldea azaltzen zuen.

Geroago antzerki bat, Ona al da? Txarra al da? (Est-il bon? Est-il méchant?), eta beste obra teoriko bat, Komedianteari buruzko Paradoxa (Le Paradoxe sur le Comédien), idatzi zituen, nahiz eta antzerkiaren behin-behineko bertsioa 1834. urterarte argitaratu ez. 1759an bere lehen Salón-a idatziko zuen Correspondance Littéraire-n, eta honen ondoren beste zortzi idatzi zituen. 1760. urtean, 1796an argitaratu zen Erlijiosa (La religieuse) elaberria idazten hasi zen.

Diderotek bere bizitzako hasierako urtetan diru asko izan ez bazuen ere, gero bildu zuen zerbait, entziklopedia itzultzeko kontratuagatik eta bere liburutegia saldu zuelako. Dideroten liburutegia Errusiako Katalina II.a enperatrizak erosi zion eta honek bere bibliotekari izan zedin ere eskatu zion. Entziklopediaren itzulpena bukatu ondoren, zenbait obra politiko idatzi zuen. Besteak beste, Galianiren Apologia, merkataritza libreari buruz, Katalina II.arentzat Gogoetak (1773), Subiranoen Politikaren Printzipioak, Prusiako Federiko II.aren eta despotismoaren aurka (1774), etab. 1773 eta 1774. urteetan Errusian egon zen Katalina II.ak eskatuta. Bere bizitzako azken urteetan, Klaudio eta Neronen agintaldiari buruzko saiakera (1778) eta Raynal-en apologia (1781) idatzi zituen.

Diderot Parisen hil zen 1784ko uztailaren 31n. Diderotek tradizio eskolastikoari aurre eginez eta gogoeta asko egin ondoren, “natura ez dela jainkoa eta gizona ez dela makina” ondoriora heldu zen. Bera izan zen XVIII. mendean ondokoa zioen filosofo bakarra: alegia, mundu materiala betierekoa dela eta beti mugimenduan dagoela; gizakia, izaki arrazoiduna eta soziala, naturako parte dela eta, beraz, honen determinismoari lotua dagoela, nahiz eta lanaren eta gogoetaren bidez determinismo hau menperatu eta bere historia propioa sor dezaken.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia