Datorren mendean, populazioa ez da gehiago haziko
2001/08/02 Astobiza, Amaia
Nature aldizkariko gaurko alean, hurrengo ehun urteetan izango den populazioaren azterketa baten berri ematen da. Horren arabera, 2100. urtean 5.600 eta 12.100 milioi biztanle artean izango dira munduan. Iragarpen horren probabilitatea % 80koa da. Tartea zabalduz gero, iragarpena zuzena izateko probabilitatea handiagoa da: 4.300-14.400 milioi biztanle izango dira, % 95eko probabilitatearekin. Ikerketaren emaitza nabarmenena, ordea, hauxe da: 2100. urtetik aurrera, munduko populazioa ez da gehiago haziko, eta populazio-kurbak beherako bidea hasiko du. Iragarpen horren probabilitatea % 85ekoa da.
Azterketaren egileak Lutz, Sanderson eta Scherbov dira. Iragarpenak egiteko, mundu osoko datuak erabili dituzte. Populazioaren hazkundearen gailurraren berri emateaz gain, 2050. urterako iragarpena ere egin dute. Haien ustez, urte horretan munduko populazioa 6.600-11.400 milioi artekoa izango da (% 95eko probabilitatea). Estatu Batuetako Ikerketa Erakunde Nazionalak (NRC) egindako azterketaren emaitzak, ostera, ez datoz bat aurrekoekin. Horien arabera, urte horretan 7.900-10.900 milioi biztanle izango dira (% 95eko probabilitatea). Kontuan hartu behar da probabilitate-iragarpenak egiteko hainbat metodo daudela eta, horien arabera, emaitza desberdinak lor daitezkeela.
Izan ere, populazioaren iragarpena egitea ez da erraza. Aldagai asko hartu behar dira kontuan eta, gainera, aldagai horiek zehazten ere asmatu egin behar da. Horiek guztiak kontuan hartuta, estatistikak aurkezten dira. Orain arte, iragarpenak egiteko, aldagai bat hartu eta, aldagai horren arabera, emaitza bat baino gehiago aurkezten zen.
Aurrekoa hobeto ulertzeko, adibide bat jarriko dugu. Egindako azterketa baten arabera, Norvegian, 2010ean, 6 eta 12 urte bitarteko haurren populazioa 401.000 eta 436.000 bitartekoa izango da. Bi zenbaki horiek ugalkortasunaren araberakoak dira. Hau da, urte horretan emakume bakoitzak 1,5 haur izaten baditu, adin-tarte horretako 401.000 haur izango dira; 2,1 haur izaten baditu, aldiz, 436.000 haur izango dira.
Datu horiekin, ordea, ezin da emaitza baten edo bestearen probabilitatearen berri jakin. Horregatik, zenbakiak ematearekin ez da nahikoa. Emaitza benetan fidagarria izateko, zenbakiekin batera horien probabilitatearen berri ere eman behar da. Bi horiek, zenbakiak eta probabilitateak, kontuan hartzen ari garen aldagaiari dagokion ‘iragarpen-tartea’ osatzen dute. Probabilitate-iragarpenak egiteko hiru metodo nagusi daude: denbora-serieak (datu historikoak erabilita egokitutako eredu estatistikoetan oinarritua), adituen iritzia eta iragarpen historikoen akatsen estrapolazioa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia