Dardararik gabeko garbigailu isilagoak
2004/02/06 Pikabea Amundarain, Nerea - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Garbigailuek zentrifugatzean egiten dituzten zarata eta dardara handienak. Arropa-mota desberdina elkartzeak eta arropa danbor barnean modu irregularrean kokatzeak eragiten dituzte dardara horiek. Zenbat eta handiagoa izan desoreka, orduan eta zarata eta mugimendu gehiago aterako ditu garbigailuak zentrifugatzean.
Desoreka horri irtenbidea emateko hainbat saiakera egin badira ere, orain arte ez da lortu arazoa erabat saihestea. Orain, Fagor Electrodomésticos etxeak aurrerapauso handia eman du alor horretan: desoreka hori hobeto detektatzea lortu du.
Horretarako, Advanced Balance System, edota, labur esanda, ABS sistema garatu du, zentrifugazioa elektronikoki kontrolatzen duen sistema.
ABSa duten garbigailuek arropa danbor barnean ongi banatzea eta orekatuta edukitzea lortzen dute. ABSrik gabeko garbigailuek ez bezala, sartutako arropa-kantitate zehatza kontutan hartzen du ABSa duen garbigailuak. Arropa danbor barnean ongi banatuta egon arte, garbigailua ez da zentrifugatzen hasten. Horrela, garbigailuak desoreka dagoela detektatzen badu, danborrari bira batzuk emango dizkio arropa astintzeko eta hobeto banatzeko.
Orain arte, takodinamoak, hau da, danborraren abiadura neurtzen duen tresnak emandako seinalearen bidez detektatzen zuten desoreka, baina sistema hori ez da eraginkorra. Izan ere, takodinamoak ez du danborraren erdialdean pilatzen den arropa detektatzen. Hori ikusita, danbor barnean zenbat arropa dagoen esaten duen algoritmo bat sartu diote garbigailuak daraman aginteguneari.
Zentrifugatze-profil konkretu bati esker, danbor barnean zenbat arropa dagoen jakiteko gai da ABS sistema. Horrela, erdian dagoen arropa horren inertzia ere kontuan hartzen da, ondoren desoreka detektatu ahal izateko. Modu horretan, ABS sistema duten garbigailuetan dardarak eta zarata gutxitu egiten dira; gainera, garbigailuak gehiago irautea lortzen da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia