}

Curiosity ibilgailua Marten dago

2012/08/06 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

curiosisty-ibilgailua-marten-dago
Arg. NASA/JPL-Caltech

Laugarren aldiz jarri du NASAk ibilgailu bat Marteko gainazalean. Abuztuaren 6ko lehen orduetan, GMT ordutegian, Curiosity ibilgailua Marteko Gale kraterrean utzi dute garabi hegalari baten bitartez. Ibilgailua lur hartu eta segituan hasi da lehen irudiak Lurrera bidaltzen. Hori izan da MSL misioaren arrakastaren lehen adierazlea.

Arg. NASA/JPL-Caltech

Lurreratze-prozesuak zazpi minutu iraun du Marteko atmosferaren goialdetik hasita. Berez, oso atmosfera mehea da, Lurrarena baino 110 aldiz meheagoa, eta, hala eta guztiz ere, misioaren kapsularen sarrerak bero handia sortzen du, eta kapsula 1.600 °C-an jarri da. Horregatik, beroaren aurkako ezkutu bat zuen.

Atmosferaren barruan, kapsula paraxut baten bitartez balaztatu da; gero, beroaren aurkako ezkutua askatu du, eta, horrela, barruan zeramatzan ibilgailua eta garabia irten egin dira.

Garabiak propultsio sistema bat erabili du altuera batean erorketa ahalik eta gehien mantsotzeko. Propultsio-sistemak berak oso poliki utz zezakeen Curiosity zoruan, baina lurreratze-modu horrek arrisku bat du: propultsio-suziriek zorutik gertu hauts-laino bat altxatuko lukete, eta laino horrek sistemaren tresneria elektrikoak huts egitea eragin lezake. Horren partez, garabi hegalariaren sistemarekin utzi dute ibilgailua zoruan, alegia, kable batzuei lotuta jaitsi dute. Oso pixkanaka egin dute; NASAko ingeniariek diote ibilgailua 0,6 m/s-ko abiaduran iritsi dela zorura. Hain zuzen ere, balaztatze-prozesu oso azkar bat izan da, zazpi minutu lehenago 20.000 km/h-ko abiaduran iritsi baita MSLaren kapsula Marteko goi atmosferara (5.500 m/s, gutxi gorabehera).

Horrelako maniobren zailtasunaren zati handi bat komunikazioan datza, irrati-seinaleak 40 minutu inguru behar baititu Martetik Lurrera iristen. Horrek esan nahi du arazorik izanez gero NASAko ingeniariek ez zutela aukerarik zuzenketarik egiteko, zazpi minutuko gertakaria erabat bukatuta egongo zelako Lurrean arazoaren berri jaso baino askoz lehenago.

Marteko gainazalean utzi eta segituan, Curiosity ibilgailua irudiak hartzeari ekin zion. Hau da hartutako lehen irudia, NASAko zientzialarientzat arrakastaren adierazle bat. Arg. NASA/JPL-Caltech

Orain, Curiosity ibilgailuaren lan zientifikoa hasiko da. NASAk askoz autonomia handiagoa eman dio aurreko ibilgailuei baino —Pathfinder, Spirit eta Opportunity—, plutoniozko bateriak instalatuta. Ustez, 14 urtean egingo du lan Curiosityk, geratu gabe.

Lurreratze-puntuaren inguruko harriak aztertuko ditu, baita lur azpian topatzen dituen materialak ere; horretarako, zulagailuak eta laser suntsitzaileak erabiliko ditu. NASAko zientzialariek nabarmendu dute konposatu organikoen arrastoak bilatuko dituela, bai eta garai batean bizia izateko kondizioen aztarnak ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia