COVID-19: antigorputzak desagertuta ere, immunitate-sistemaren memoria-zelulek irauten dute
2020/12/29 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
COVID-19a azaldu eta urtebetera, oraindik ez dago argi immunitate luzea lortzen ote den SARS-CoV-2 birusaren infekzioa pairatu eta gero. Kasu batzuetan, birusaren aurkako antigorputzak azkar desagertzen zirela ikusi da, eta hori infekzioetan normala bada ere, zalantzarako aukera uzten zuen. Orain, Australiako Monash Unibertsitateko ikertzaileek iradoki dute ez direla antigorputzak aztertu behar immunitatea mantentzen ote den jakiteko, baizik eta B zelulak (B linfozitoak ere deiturikoak), haiek baitira immunitate-sistemaren memoria-zelulak eta, birusa berriz azaltzean, antigorputzak sortzeko ardura dutenak. Ikertzaileen ustez, iraupen luzeko immunitate-erantzunaren markatzaile egokiagoak lirateke.
Ikertzaileen arabera, birusa desagertu ahala, odoleko antigorputz-maila ere txikitu egiten da eta erantzun immunea lozorroan bezala sartzen da. Birusa berriz azaltzean, ordea, B zelulak berehala aktibatu, eta haren aurkako antigorputz espezifikoak sortzeko gai dira. Zortzi hilabetez egin dute pazienteen jarraipena (COVID-19a modu larrian zein arinean pasa dutenenena), eta frogatu dute, gutxienez, zortzi hilabete horietan irauten dutela B zelulek. Hala, iradoki dute, bitarte horretan behinik behin, B memoria-zelulek berrinfekzioaz babesten dutela, edo, kasurik okerrenean, goiko arnas bideetako infekzio arin edo asintomatiko bat besterik ez litzatekeela gertatuko.
Sience Inmunology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Zalantza gabe, albiste ona da B zelulak iraupen luzeko immunitateren markatzaile izatea, orain ematen hasi diren txertoek, antigorputzak ez ezik, zelula horiek ere sorrarazten baitituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia