CO<sub>2</sub>-a harrapatzeko material berri bat sortu dute


Aireko CO2-a harrapatzeko material berri bat sortu dute ikertzaile korear batzuek. CO2-a fisikoki harrapatzen duen material mikroporodun bat da, eta Science aldizkarian azaldu dutenez, abantaila handi bat du orain arteko antzeko materialen aldean: urak ez dio eragiten.

Airetik edo tximinia bateko gasetik CO2-a erauzteko aukera bat adsortzio fisiko bidez harrapatzea da. Halako hainbat material mikroporodun garatu dira azken urteotan, baina horien arazoa da urak asko jaisten duela eraginkortasuna. Izan ere, material horietan CO2-a lotzen den leku berean ura ere lotzen da, eta, azkenean ura harrapatzen dute CO2-aren ordez. Gainera, urarekin asko hondatu ere egiten dira. Hala, material horiek erabiltzeko, tximiniatako gasak erabat deshidratatu beharra dago. Orain sortu duten material berriak arazo hori gainditzen du, ura eta CO2-a leku desberdinetan lotzen baitzaizkio. Hala, urak ez du CO2-a xurgatzeko gaitasuna jaisten.

Sodio silikatoz eta kobre sulfatoz osatua dago material berria, eta beste materialekin egin dituzten konparaketetan ikusi dute CO2 gehiago xurgatzen duela. Eta ura ere xurgatzen duen arren, egonkor eta eraginkor izaten jarraitzen du.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala, hainbat ikerketa-proiektutan parte hartuz. 2006ko azaroaz geroztik Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea eta erredaktore-burua da, eta Zientzia.net webgunearen arduraduna.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena