Chaccheo-a
1997/09/01 Laguéns Capablo, María Elena | Rubayo Dominguez, Javier Iturria: Elhuyar aldizkaria
Koka-hostoa mastekatzearen ohituraren jatorria ezezaguna eta oso zaharra da. Andeetako herrietan chaccheo du izena. Hori da fonetikoki gaztelaniari legokiokeen soinua3. Baina kontua ez da koka-hostoak besterik gabe mastekatzea …. Kokaina ateratzeko moduan egin behar da! Nola?
Peruarrek landare-hostoak besterik gabe mastekatzeak ez duela inolako eraginik diote; horregatik, koka listuarekin eta llipta edo tocra-rekin (buztin beltz bat, sodio, potasio, aluminio eta magnesio silikatoaren nahastea) nahasten dute ahoan eta horrela sorturiko zukua da irensten dutena. Kostaldeko herrietan itsas maskorren kaltzio karbonatoa edo horren hautsak erabiltzen dituzte. Kolonbiarrek koka sodio bikarbonatoarekin mastekatzen dute. Beste leku batzuetan azukrea bakarrik gehitzen diote.
Chacchador batek koka-hostoa motaren arabera daki substantzia egokia aukeratzen, mingots eta freskoenari ere zuku atsegina ateratzen diolarik. Dena dela, buztin eta maskorren eginkizuna zelulak indiskriminatuki ez haustea omen da; hartara, homogeneizatze-prozesua hobea da eta, beraz, kokaina arinagoa lortzen da. Lehenago adierazi bezala, koka-hostoak laborategian azido diluituarekin tratatu baino lehen, kaltzio karbonatozko soluzioan beratzen dira. Indigenek chaccheo-arekin gauza bera egiten dute ahoan.
Nahi diren substantziak lortzeko onddo edo landareak mastekatzeko ohitura munduko toki askotan eta modu bertsuan egiten da, antza denez. Itsaso Barea, Polinesia, Malasia eta Asiako ia hegoekialde osoan, betel-en4 baietatik erauzitako narkotikoa erabiltzen da. Harrigarria bada ere, bertokoek, Andeetako herriek egiten duten bezalaxe, fruituak maskor-hautsarekin (karbonatoarekin, alegia) nahasten dituzte. Indian betel, areca izeneko palmondoaren, intxaur eta maskol-hautsen nahaste buyo-a, mastekatzen dute. Ezpainak eta listua gorriztatzen dituen arren, estimulatzaile eta lehorgarri gisa erabiltzen da.
Chacchar egiteko, hostoak bata bestearen ostean ahora sartzen dira harik eta substantzia mineralak eransten zaizkion bolatxoa egin arte. Lehen zukua bota egiten da, hartzaileak urdaileko ondoeza duenean izan ezik, orduan irentsi egiten baitu. Ezari-ezarian, ahoaren beheko aldean ore trinkoa eratzen da eta geldiro mastekatzen da zuku osoa lortu arte.
Ahoaren barnealdeak sentiberatasuna galdu egiten du eta mihia “loditu” egiten da; puztuta balego bezala sentitzen da, kokainaren ahalmen anestesikoagatik. Eragina bizpahiru orduz luzatzen da koka-motaren arabera eta zenbait chacchador-ek horrekin batera zigarro beltza erretzeko ohitura dute.
Indigenek kokaren bitartez zorion-egoera edo klimaxa lortzen dutenean “me armó la coca” esaten dute. Trujilloko Unibertsitateko antropologoen arabera, landarea murtxikatzeko ekintza giza banakoaren patuarekin lotura duen erritoa da. Horregatik, chaccheo-aren lehenengo hostoa arretaz ateratzen da, hortzen artean pasatu, nerbiazioa kendu eta ahoan zati mamitsua bakarrik uzteko. Erdiko nerbioa bakarrik ateraz gero, pertsona horrek “chaccheo ona” izango du, alegia, bizitzako zorionaren atarian egongo da (lana, osasuna, maitasuna … izango ditu). Baina alboko nerbioak edo hostoaren zatiren bat ateratzen baditu, zorigaitzaren seinale izango da.
Chacchador-ek koka behar denean uzteak duen garrantzia nabarmentzen dute, jende guztiak ez baitaki chacchar delakoa ongi egiten. Denek ere aldian behin, mastekatu beharrean, hostoei begirunez musu ematea aholkatzen eta egin ere egiten dute. Era horretan, hurrengo batean zukua biziago eta zaporetsuago ateratzen zaiela diote.
Nekazariek egunean hiru-bost chaccheo-aldi egiten dituzte. Gosari arinaren ostean, eguna argitzean, gizona lur-sailera abiatzen da kokaren lehendabiziko hartualdia prestatuz. Goizeko bederatziak aldera beste chaccheo-aldi bat hartu eta suspertu arte atseden hartzen du berriro. Eguerdian bazkaldu eta koka hartzen du atzera. Arratsalde osoan jarraitzen du lanean eta ilunabarrean hirugarren atsedenaldia egiten du, laugarren koka-saioa egiten duen bitartean. Lana kolektiboa bada, bosgarren chaccheo-aldia hartzen du pattar eta chicha-rekin (arto-garagarrarekin) batera.
Hosto lehorrak artilezko poltsatxo batean eramaten dituzte; buztina edo maskorrak kalabaza batean, eta handik espatula batez ateratzen dituzte. Andeetako bazterretan zabiltzala irri egitean hortz zuri-zuriak, ezpain berdeak eta masailan koka-bolatxoa daraman gizon-emakumerik ez aurkitzea ia ezinezkoa da. Hala ere, chaccheo-aren ohitura gizonezkoena izan da batez ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia