}

CD-ROM: biltegi erraldoia (I)

1991/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

oan den hamarkadan telebista-fabrikatzaileek telebistaren osagarri izango zen bideoari buruz lanean hasi ziren. Irakurketa mekanikozko sistema honen garapenean erabili diren teknika, injinerutza eta produkzio-sistemak, beste produktu-mota batzuk garatzeko oinarri izan dira.
CD-ROMean egindako produktu ugari dago jadanik merkatuan.

Joan den hamarkadan telebista-fabrikatzaileek telebistaren osagarri izango zen bideoari buruz lanean hasi ziren. Irakurketa mekanikozko zenbait bideodisko-sistema azaldu bazen ere, bideodisko optikoa izan da gaur egunera arte iritsi den sistema bakarra. Sistema honen garapenean erabili diren teknika, injinerutza eta produkzio-sistemak, beste produktu-mota batzuk garatzeko oinarri izan dira.

1.972 eta 1.976 urte bitartean, arautegi amankomun bat bilatu behar zela eta, eztabaida gogorrak izan ziren fabrikatzaileen artean. Eztabaida hauen ondoren ALK (Abiadura Lineala Konstante) formatua hartzea erabaki zen. Horren eraginez PHILIPS eta SONY enpresek normalizazio-akordio bat sinatu zuten soinu-disko digitalen arloan. Beraz, 1.983. urtearen bukaeran musika-disko konpatua lehen aldiz aurkeztu zenean, fabrikatzaile nahiz saltzaile guztiek eskaintza bateratua (arau aldetik) aurkeztu zuten.

CD-ROM edo Compact disk-read only memory, euskaraz disko konpaktua-memoria irakurgarria bakarrik esango genuke. CD-ROMaren ideia 1.980-1.990 hamarkadaren hasieran lantzen hasi zen, ordurako disko konpaktua heldutasunera iristen ari zelarik. Orduan, norbaiti disko konpatuaren bertsio baten bidez datu digitalak erruz gorde zitezkeela bururatu zitzaion.

Ondorioz, 1.985. urtean lehen datu-baseak CD-ROMean azaldu ziren merkatuan.

Orain arte gizarteak sortu duen informazio-multzo handia, mikrofitxategietan, zinta magnetikoetan eta disko magnetikoetan, besteak beste, gorde izan da. Nahiz eta sistema hauek datuen bilketan, metaketan edo transferentzian aurrerakada nabaria izan, behin-betirako izango direnik ezin daiteke esan.

Laserreko disko optikoan oinarritutako sistemak, alternatiba osagarri gisa sortu dira. Hauetan informazioa, hau da, testua, irudia zein soinua, laser batez grabatzen da era digitalean eta laser batez berreskuratu ere egiten da.

Sistema hauen artean CD-Audio izenekoa sortu zen Hi-fi musika entzun ahal izateko. Izan duen arrakasta, ohizko diskoen ondoan dituen abantailetan datza, hala nola soinu-kalitate onean eta higadurarik ezean.

CD-Audioaren arloaren ikerketan eta komertzializazioan jasotako esperientzia, PHILIPS eta SONY etxeek datuen metaketa masiboari aplikatu zioten. Horrela sortu zen CD-ROM sistema.

Informazio guztia digitalki metatzen denez, CD-ROM disko malguen, disko finkoen eta beste bitarteko magnetikoen antzekoa da.

Hiru irudi hauek CD-ROMean egindako irudi-banku batekoak dira.

Hala ere, abantailak hiru arlotan nabari dira:

  • metaketa-ahalmen handia, fisikoki txikia izanik
  • iraunkortasuna eta eramangarritasuna
  • metatutako informazioaren kostu txikia biteko.

Adibide gisa, abantaila eta desabantaila batzuk aipatuko ditugu ohizko zenbait sistemarekin konparatuz.

  1. Mikrofitxategiekiko

    Abantailak: datu digitalak, berez, oso egokiak dira maneiatzeko; bitartekoa iraunkorra da eta irudien kalitatea hobea.
    Desabantailak: mikrofitxategiak lantzeko metodoak nahiz aparatuak, jadanik oso ezagunak dira eta fitxategien tamaina unitarioa malguagoa da.
  2. Kopia inprimatuekiko

    Abantailak: metaketa-bolumena txikiagoa da; maneiatzen errazagoa; fitxategiek kaltetzeko arrisku txikiagoa dute eta argitalpen-kostuak ere txikiagoak dira.
    Desabantailak: dokumentu edo fitxategien transformazio-kostuak handiagoak dira eta hauen tratamendua egin ahal izateko mikroordenadore bat erabili behar da.
  3. Disko magnetikoekiko
    Abantailak: metaketa-ahalmena handiagoa da; bizitza baliagarria luzeagoa da; kaltetzeko arriskua txikiagoa da eta irudiak metatzeko eta maneiatzeko egokiagoa.
    Desabantailak: datuak irakurri bakarrik egin daitezke; CD-ROM irakurtzeko unitate gutxiago daude; ez da oraindik arautegi estandarra lortu eta softwarea ez da heldutasunera iritsi.
  4. Ordenadore handien metaketarekiko eta irispidearekiko

    Abantailak: epe luzerako metaketa-kostuak txikiagoak izan daitezke; erabiltzaileak irispide eta kontrola erraz egin ditzake eta konexio-kostuak ebitatzen dira.
    Desabantailak: datuen eguneratzea motelagoa eta zailagoa da.

Disko optikoen ezaugarririk garrantzitsuena metaketa-ahalmena dela esanda, ia 600 MBeko ahalmena dutela esan nahi da. Memori tamaina honen ahalmena hobeto ulertzeko, 150.000 orri inprimatu edo 15.000 merkatal dokumentuen irudiak edo 1.200 disko malguren (5,25 hatzbetekoak) edukina edo 8 orduko narrazioa bere irudiekin batera sar daitekeela kontutan hartu behar da.

Baina zein da CD-ROMaren merkatu-egoera?

1.985. urtean sortutako teknika honek 60.000 irakurtzeko unitate zituen salduta EEBBetan 1.987. urtean. Urte berean Europan 6.700 besterik ez ziren saldu. Hauetatik 4.000 Italian, 700 Alemanian, beste horrenbeste Britainia Haundian, 400 Frantzian, 200 bat Norvegian eta Suedian eta banaka batzuk Euskal Herrian eta Espainian. 1.988. urtean zifra hauek laukoiztu egin ziren Europan eta 1.992.erako EEBBetan 500.000 irakurgailu martxan izango direla espero da.

CD-ROMetik hartutako irudiak ordenadorean lantzen dira.

Landutako gaiak medikuntza, injinerutza, zuzenbidea, entziklopediak eta irudi- zein argazki-bankuak dira. Erabileraren joera, asko aldatuko ez diren datu-banku handirantzekoa da; hau da, informazio ekonomikoak, burtsak, moneta-ganbioak, etab.ek aukera gutxi izango dituzte CD-ROMean lantzeko, zeren eta asko aldatzen den (egunero alegia) informazioan oinarritzen bait dira. Beraz, informazio finkoa eta epe laburrean aldatzen ez dena da hain zuzen ere CD-ROMean lantzeko egokiena.

Salmenta-prezioa ere kontutan hartzeko faktorea da. 1.986. urtearen bukaeran 370.000 pta. balio zuen irakurtzeko unitate batek eta 1.988. urtearen bukaeran 200.000 pta. inguru. Une honetan 150.000 pta. balio du eta prezioa beherantz doa. Prezioen eboluzioa salmentenarekin lotuta dago eta, noski, zenbat eta gehiago saldu, hainbat eta merkeagoa izango da. Ez litzateke batere harrigarria prezioak laster batean 100.000 pta.tik behera egitea.

Euskal Herrian, orain arte ehunen bat saldu dira.

Aplikazioei dagokienez, hazkundea esponentziala izan da. Une honetan milaka aplikazio daude salgai merkatuan, baina gehienak EEBBetan edo Britainia Haundian sortutakoak dira. Euskaraz egindako aplikaziorik ez dugu uste dagoenik, zoritxarrez, baina Elhuyarrek arlo berri honetan buru-belarri sartzeko asmoak gutxienez baditu.

Orain arte teknika berri honen deskribapena egin dugu. Hurrengo alean, sistemaren muinera sartu eta alderdi fisiko-teknologikoa arakatuko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia