}

Bustitzen ez duen ura

2001/06/21 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Arrastorik uzten ez duten ur-tantak egiteko metodo bat garatu dute Pascal Aussillous eta David Quere fisikari frantziarrek.

Ur–tantak zartagin lehor batean erortzen direnean oso jokaera bitxia izaten dute. Merkurio-tanten antzeko mugimendua dute, hau da, ez dute azpiko azala bustitzen eta ez dute ibilbidean materiarik galtzen. Ikuspuntu fisikotik, ez dute elkarrekintzarik azalarekin.

Horixe bera lortu nahi zuten zientzialariek. Edozein materialaren gainean mugitzen direla ere, ur-tantak arrastorik ez uztea lortu nahi zuten. Efektu hori oso erabilgarria izango litzateke, bai aplikazio praktikoetarako eta bai ikerketa teorikoetarako.

Ur-tanten dinamika aspaldidanik ikertu da. Besteak beste, izarren eta planeten egonkortasuna aztertzeko baliagarri suerta daitezke likidoen fisikaren inguruko ikerketa-mota horiek. Metalen fintze-prozesuekin eta zelulen mugimenduarekin ere zerikusia du esparru horrek.

Geometrikoki ikusita, tanta baten eta eusten duen azalaren artean inolako elkarrekintzarik ez balego, irudian seinalatutako angelua 180º-koa izango litzateke. Ohiko metodoekin angelu hori 120º baino handiagoa izatea oso zaila da.

Orain arte, efektu hori lortzeko azpiko azala substantzia kimiko batzuekin tratatzen zen, baina metodo horrek ez zuen arrakasta handirik izaten, baldin eta azala erabat garbi iraunarazten ez bazitzaion, behintzat. Naturan, zenbait landareren hostoetan efektu hori gertatzen da, eta ur-tantak azkar labaintzen dira hostotik erori arte. Hostoak ez dira hezeak egoten, baina hori lortzeko, azalak oso egitura konplexua behar du izan. Naturak urte asko izan ditu azal hori diseinatzeko.

Nature aldizkarian, efektu hori artifizialki sortzeko metodo baten berri eman da gaur. Frantziako fisikari-talde batek lortu du hori beste estrategia baten bidez. Azala tratatu beharrean, likidoa bera tratatzea erabaki dute.

Ur-tanta bati Lycopodium goroldioaren esporak gehituta, likidoa geruza hidrofobo batez estalita gelditzen da berez. Tantek, orduan, esfera txiki baten jarrera hartzen dute, eta angelua 180-raino handitzen da. Horrela eratutako bolatxoek, gainera, solido bitxi baten modura jokatzen dute.

Tanta solido malgua da, azal-tentsio handia baitu,; errebotatu eta errodatu egiten du materiarik galdu gabe. Higitzen ari denean, egoera likidoan dagoenez, barruko materia berrantolatu egiten da kakahuete baten itxura hartu arte eta modu askean biratzen hasten da. Horrela, oso mugimendu azkarrak egiten ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia