Burruntzi edo sorgin-orratzak
2001/08/28 Elhuyar Zientzia
Gaurko irudia burruntzi edo sorgin-orratzentzat da. Zergatik? Atzo arratsaldean burruntzi bat bulegoan hegaka izan genuelako. Baina, gainera, oraintxe da burruntziek kopulatu eta arrautzak jartzeko garaia. Oso postura berezietan jartzen dira kopulatzeko: gehienetan arrak emea buruaren atzealdetik heltzen du, gorputzaren muturrean bereziki horretarako dituen matxarden bidez (ikus irudia). Orduan, emeak ere bere gorputza okertu egiten du eta muturra arraren abdomenaren azpiko aldean sartzen du. Emeak aurretik beste kopularen bat izan badu, geratzen den esperma kentzen dute eta ar berriarena sartzen da.
Horrela sortutako arrautzak hainbat eratara uzten dira, betiere uraren inguruan: batzuek urpean sartzen dituzte, beste batzuek lurpean; badira landareetan itsasten dituztenak (urpean edo uretik kanpo), baita landareen zurtoinetan sartzen dituztenak ere. Hori espeziearen araberakoa izaten da. Askotan, arrak arrautzak jartzen laguntzen dio emeari, bere espermaz ernaldutakoak direla ziurtatzeko.
Arrautzetatik jaioko diren larbak urpean biziko dira hainbat denboraz (espezie batzuetan bi urte edo gehiagoz).
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia