Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bukatzea zein latza den!

1987/08/01 Barandiaran, Mariaje | Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gasez hoztutako Windscale-ko erreaktorea, Britainia Haundiko eraikuntza nuklearren artean argazkitan gehienetan atera dena da seguru asko. Hamar urteren buruan, erreaktorea gordetzen duen zilar-koloreko esfera desagertu egingo da; erreaktoreak heriotz epaia jaso du. Hala ere, Britainiaren harrotasun nuklearraren lehenengo sinboloa desmuntatzea, ez da gauza erraza izango.

Zentralaren gunea. Honetan datza desmuntaketaren muina.

Zientzilari eta injineruek, beren programa betetzen badute bederen, hurrengo hiru urteetan arazo askori aurre eman beharko die. Dagoeneko, bi urtez atzeratu dira. 1996. erako, egun erreaktoreak betetzen duen lursaila belardi izan daiteke berriro. Baina erantzunik ez duten galderak diraute. Esaterako, desmuntaketa egin ondoren geldituko diren behe- eta erdi-mailako hondakin erreaktiboei zer gertatuko zaie?

Hondakinentzako tokia bilatzea ez da lan erraza izango.

Proiektua (jadanik bost urte ditu), ez da ez akademikoa. Hurrengo 20 urteetan ehundaka planta nuklear itxiko dira munduan zehar. Inork ez du oraindik planta nuklearrik osorik garbitu. Gaur arteko esperientzia, errekatore esperimental txikietara mugatu da. Windscale-ko erreaktorea prototipo moduan eraiki bazen ere, indar nuklearra sortzeko planta izan da. 1963.etik 1981.erarate Britainia Haundiko sare elektrikoa hornitzen aritu da.

Desmuntatzea arazo latza da

Industria gehienetan planta eta ekipamenduak desmuntatzea gauza erraza eta merkea da. Baina erreaktore zaharretan dauden erradioaktibitate-maila altuek, desmuntaketa zail eta garesti bihurtzen dute. Planta nuklearrak ezin dira daudenean utzi eta ezta pikotxaz suntsitu ere. Planta nuklearren diseinuak bestalde, ez du planten suntsitzea batere errazten. Egungo indarretxeak, hamaika kilometro altzairuz eta milaka tona hormigoiz eraikitako egitura sendoak dira.

Suntsiketa eta desmuntaketa aurrera eramango dutenek, erradioaktibitatez jotako material-motari (kutsatutako eta aktibatutako materialei) aurre egin beharko die. Kutsatutako parteak tutueria, erreaktorearen presio-untziko ekipamendu osoa eta lau bero-trukagailuak dira. Kutsaduraren maila, esponitutako materialaren izaeraren eta izandako erregai-isuriaren araberakoa da. Presio handiko ur-zorrotadek eta deskutsatzaile kimikoek azaleko kutsadura hein batean ken dezakete, baina horrela materialaren zati bat bakarrik egongo da birziklatzeko edo ohizko eran gordeta edukitzeko moduan.

Desmantelatzaileek topatuko duten beste erradiazio-iturria, produktu aktibatuetan dago. Erregai nuklearra fisionatzen –hausten– denean, neutroiek, ihes egiten dute. Hauek inguruko atomoak bonbardatzen dituzte. Honen ondorioz, erreaktorearen gunea gordetzen duten altzairu eta hormigoian dauden zenbait aztarna-elementu, erradioaktibo bilakatzen dira. Neutroiek sistema honetaz aktibatutako parteak, hauek dira: erreaktorearen presio-untzia, untziaren barne-osagaiak eta egitura eta inguratzen duen hormigoizko ezkutua.

Aktibatutako produktuen erradioaktibitatea estimatzea zaila da. Erreaktorearen gunearen inguruko osagaien antolakuntza, oso konplexua da, eta neutroien higidura aurresatea zaila da. Urrunetik kontrolatutako ekipamenduak bakarrik desmatela dezake alderdi hori.

Hiru urratseko lana

Injineruen ustetan, planta nuklear baten desmantelaketa hiru urratseko prozesua da. Lehenengo urratsa planta itzaltzea eta erregaia ateratzea da.

Bigarrenak suntsitze-lan txiki bat eskatzen du. Erreaktorearen gunea babesten duen hormigoizko ezkututik at dauden etxe eta eraikuntzak suntsitu edo beste erabilpen batera egokitu beharko dira. Urrats honetan sortutako hondakin gutxi izango da erradioaktibo.

Hirugarren urratsak, azken faseak, sortzen ditu hondakin erradioaktibo gehienak. Erreaktore-gunearen inguruko zona honetan, isotopo erradioaktiboak materialen muinera sartuta daude. Hartu beharreko neurriek (urrunetiko operazioa eta kontrola) desmuntaketa-fase hau oso garesti bihurtzen dute.

Windscale-n injineruak hirugarren urratseraino iristear daude. Turbina-aretoa garbi dago. Egun lana esferaren barnean egiten ari dira. Injineru eta zientzilariek, erreaktore-gunetik aterako duen hondakin aktibatuak bideratzeko, hondakinak paketatzeko eraikuntza bat egin nahi dute. Hurrengo bi urteetan pilaren kapela aldea (erregai-zilindroak estaltzen dituen zona) garbituko dute.

Hau egiteko, erregaia kargatzeko eta deskargatzeko makina erraldoia desmuntatu beharko dute. Hormigoi sendotuzko ezkutuaren azpian dauden elikatze-hodiak moztu ondoren, robot batek gunea piezatan puskatuko du. Operazio honek, presio-untziaren goi-partea desestaliko du. Hemen hasten da lana. Kontrolatutako makina batek, pilaren kapelatik zintzilik dagoela, erreaktore-gunea desmuntatuko du. Beherantz egingo du lan. Presio-untzia eta bere edukina moztu eta kanpora aterako ditu.

Windscale desmuntatzen ari diren injineruak hirugarren urratsera oraindik iritsi ez badira, aurreko urratsek buruhauste teknikoak sortu dizkietelako da. Erreaktorean (bero-trukatzailean batez ere) eta turbinaren aretoan dauden asbesto-kantitate handiek, lana mantsoagotu egin dute. Bero-trukatzaileak gainera, oso problematikoak suertatu dira. Hauek zesio 137az kutsatuak izan bait dira.

Zentral nuklear baten erraiak.

Bero-trukatzaileekin lanean hasteko unean, pusketetan bertan moztea nahi izan zen. Baina ideia baztertu egin zuten, langileek erradiazio-dosi handiak jasotzeko arriskuan egon zitezkeelako. Bigarren proposamenak, bero-trukatzaileak presa batera jaso, bertan gorde eta azkenik itsasora botatzea iradokitzen zuen. Hondakin erradioaktiboak itsasora botatzearen inguruan, 1983.ean aldarrikatutako atzerapenak, bertan behera utzi zuen asmo hau. Egungo planean bero-trukatzaileak azido nitrikoz edo klorhidrikoz deskutsatuko dira eta ondoren piezatan moztuko. Hau egiteko modua, hurrengo bi urteetan aztertuko da.

Aktibatutako materiala paketatzeko erabiliko den areto eta erreaktorea lotuko dituen babestutako bidea oztopatzen dute bero-trukatzaileetako bik. Desmuntatzaileek 13 metro altxatu beharko dituzte bero-trukatzaileak, bidea libre uzteko. Paketatzeko aretoa, hormigoizko gela-sare batez osatuta dago. Bertan, kargaketa-kaiak eta transferentzi estazioak daude. 60 tonako olagarro-garabi batek zaborrak edukiko dituzten hormigoizko blokeak mugituko ditu.

Zer egin zaborrekin

Windscale-ko erreaktoreak 1900 tona material aktibatu sortuko du: Altzairua masa osoaren erdia baino zerbait gutxiago izango da, baina erradioaktibitatearen %97 edukiko du. Gainera, hauen barnean altzairu herdoilgaitzak, %5 izanik, erradioaktibitatearen %75 izango du.

Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziaren arabera, 2010. urterako 1000 MW-eko 200 erreaktoreren balikokidea desmuntatu beharko da.

Aurten, EEBB-tako Shippingport-eko zentralaren presiorizatutako eta urez hoztutako 72 MW-eko erreaktorea desmuntatzen ari dira (Ikus "Elhuyar. Zientzia eta Teknika" 1. alean: "Zentralaren bizia amaitzen denean"). EEBB-tan ez dute erreaktorea pusketatan jartzeko asmorik. Hamar metro altuerako erreaktorea hormigoitan murgilduko da; honela sortutako blokea hartu eta bidaia luze bati (Ohio eta Mississippi ibaiak jaitsi, Mexikoko Golkoa eta Panamako Kanala pasa eta EEBB-tako Ozeano Bareko kostalderantz igo) ekingo zaio erreaktorearen azken hobiraino.

Desmantelatu zen lehenengo zentrala; Elk River, Minnesota, EEBB. Bere desmuntaketa 1971.ean hasi zen, hiru urtez luzatu zen eta 6 milioi dolar (1974.enekoak) kostatu zen. Egungo, 1300 MW-eko zentral nuklearrekin konparatuz 20 MW-eko hori poltsiko-erreaktore txiki bat besterik ez da.

Hasiera batean industria nuklearrak hondakinak itsasora botatzea pentsatu zuen. Hau ezinezkoa bilakatu da nazioarteko moratoriari esker. Gainera moratoria erabateko debekua izan daiteke epe laburrean. Hondakinak gordetzeko beste posibilitatea, lurrazpian gordetzea da. Hala ere, zaila gertatzen da bere inguruan hondakin erradioaktiboak gordetzeko zabortegia izan nahi duen herririk topatzea. Egun irtenbide bakarrenetako bat (batere egokia ez da gainera) planta nuklearra zegoen tokian gordetzea da. Industria nuklearrak, honi buruz ez du ezer jakin nahi.

Zentral nuklear bat eraikitzea asko kostatzen bada, desmuntatzea are eta gehiago. Windscale-ko zentrala desmuntatzea 45 milioi libera esterlina kostatuko zaio Britainia Haundiko Energia Nuklearrerako Agentziari.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia