Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bolia, elefanteak eta tagua

2003/06/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

1980an, milioi bat elefante baino gehiago zeuden Afrikan; hamar urte geroago, seiehun mila besterik ez ziren gelditzen, isileko ehizaren erruz. Egoera benetan larria zela ikusita, desagertzeko arriskuan diren espezieen merkataritzaren nazioarteko batzarrak, Cites-ek, boliaren salerosketa debekatzea erabaki zuen 1989an.

Hegoafrikar Errepublikako, Botswanako eta Namibiako biltegietan, hirurogei tona boli daude; gehiena isileko ehiztariei konfiskatutakoa da.

Joan den urteko azaroan, ordea, Citesek iritzia aldatu zuen, eta Hegoafrikar Errepublikaren, Botswanaren eta Namibiaren eskaerak onartu egin zituen. Ondorioz, herrialde horiek biltegietan duten bolia saltzeko baimena dute. Hain zuzen, hiruren artean 60 tona boli dituzte biltegietan, gehiena isileko ehiztariei konfiskatuta.

Alabaina, animalien ongizateaz arduratzen den nazioarteko erakundea, Ifaw, kezkatuta dago, merkataritza baimentzeak isileko ehiza sustatuko duela uste baitu. Izan ere, kontrabandoko bolia eta legez merkaturatutakoa bereizteko modurik ez dago.

Citesek, berriz, salmentak arau zorrotzen pean egingo direla agindu du. Gainera, ez da merkataritza baimenduko ez bada frogatzen isileko ehiza ez dela haziko horrekin, eta, Mike izeneko programa jarri du martxan (Monitoring Illegal Killing of Elefants), Asian eta Afrikan elefanteen ehiza ilegalaren eragina zein den jakiteko. Boliaren salmentatik ateratako dirua elefanteak babesteko erabiltzea ere proposatu du Citesek.

Neurri horiek ez dira nahikoak Ifawen kezkak lasaitzeko. Erakunde horrek Citesi bidalitako txosten batean azaltzen denez, Mike oraindik hastapenetan dago, eta ez dute uste 2008ra arte erabakiak hartzeko adina datu egongo denik. Hasteko, ez dakite zenbat elefante gelditzen diren ere. Ifawen datuen arabera, Afrikan 300-450 mila gelditzen dira, eta Asian 35-50 mila elefante basati baino ez daude. Elefanteen errolda zehatzik gabe, ezinezkoa da jakitea merkataritzak zein eragin izango lukeen elefante-kopuruan.

Bestalde, isileko ehiztariak kontrolatzeko gastatu beharreko dirua boliaren salmentatik ateratakoaren parekoa izan daitekeela uste dute; beraz, ez zaie iruditzen elefanteen mesederako programetan erabiltzeko dirurik geldituko denik. Irtenbide hau proposatzen dute: nazioarteko erakundeek edo gobernuek eros dezatela gordetako boli hori eta merkatutik ken dezatela; horrela, bolia pilatuta duten estatu horiek irabaziak izango dituzte eta, bide batez, elefanteak ez dira arriskuan jarriko.

Ifaw erakundearen ustez, boliaren merkatua berpiztuz gero, 20 urtean elefanteak desagertu egingo dira herrialde batzuetan.

Oraindik ez dute azken erabakia hartu. Nolanahi ere, arazoa ez da erraz konpontzekoa, urteak baitaramatzate gaia eztabaidatzen. Bitartean, elefanteen populazioak beherako bidean jarraitzen du.

Material preziatua

Boli-merkatu handiena Japonian dago; material horrekin egindako bitxiak eta bestelakoak oso preziatuak dira herrialde horretan. Esaterako, aitona dirudunek bolizko zigiluak oparitzen dizkiete bilobei graduatzen direnean. Zigilu horiek dokumentu ofizialetan izenak inprimatzeko erabiltzen ziren garai batean, eta orain maila sozial altuko izatearen ikur dira.

Bolizko zigiluek eskaera handia dutenez, ez da harritzekoa haien iragarkiak ikustea komunikabideetan. Gainera, iragarki gehienak jende gazteari eta emakumeei zuzendutako aldizkarietan azaltzen dira; beraz, badirudi ohiturak urtetan jarraituko duela bermatu nahi dutela merkatariek.

Boli-merkatu handiena Japonian dago; han oso estimatuak dira boliz egindako bitxiak eta tresnak.

Horretaz gain, artisau askok lantzen dute bolia Japonian, eta gobernuak ez du industria hori galdu nahi. Hori dela eta, bolia erosteko hitzarmen bat du Zimbabwerekin, Botswanarekin eta Namibiarekin eta, ordainetan, elefanteen populazioa zaintzeko dirua ere ematen dio Japoniak herrialde horiei.

Tagua, landare-jatorriko bolia

Argi dago merkatua hain itxia eta zaila izateak handitu egiten duela boliarekiko estimazioa. Izan ere, egon badaude boliaren antzeko materialak, askoz ere merkeagoak eta eskuragarriagoak, baina ez dute bolia ordezkatzea lortu.

Hala ere, taguak edo landare-jatorriko boliak arrakasta handia du zenbait tokitan. Tagua palmondo batzuen fruituaren hurra da, Phytelephas seemannii eta Phytelephas macrocarpa palmondoena. Palmondoak Panaman, Kolonbian, Ekuadorren eta Perun hazten dira, bost metroko luzera eta enbor txikia eta herrestaria izaten dute, eta 12 kilo pisatzera iristen diren fruitu-sortak ematen dituzte. Fruitu bakoitzak bildutako 6-9 hur izaten ditu.

Taguari landare-jatorriko bolia ere deitzen zaio; izan ere, boliaren tankera du, eta harekin egiten diren gauzetako asko egiteko balio du.

Taguak boliaren tankera du, bai kolorean, itxuran eta baita gogortasunean ere. Boliz egiten diren gauzetako asko egiteko balio du: bitxiak, apaingarriak, piano-teklak... Garai batean asko erabiltzen zen: 1880an lau mila tona tagua atera ziren Kolonbiako Tumacoko kaitik. Horrekin, botoiak, aterkien eta makilen kirtenak, pipak eta beste tresna asko egiten ziren. Baina plastikoa asmatu zenean, asko jaitsi zen eskaera.

Orain, taguaren merkatua indartzen ari da, eta material horrekin artisauek egindako lanak gero eta estimatuagoak dira. Bide batez, eta neurri batean besterik ez bada ere, bolia ordezkatzea lortzen badu, urrea diamantearekin.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia