Bloke berriak eraikuntzan
1994/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Parietec izeneko hormigoizko bloke berriak Genevan asmatzaileen Nazioarteko Erakusketan urrezko domina lortu du. Horretarako arrazoiak batez ere bi izan dira. Batetik, bloke berri honekin eraikuntzetako hormak erraz egiten dira, eta bestetik hezetasuna eta pitzadurak medio izaten diren onddo eta gainerako germen kaltegarririk ez da sortzen.
Parietec izeneko blokearen berezitasuna, bi aldeetan (kanpoko aldean eta barneko aldean) aire-ganbara bana edukitzea da. Blokeak erdiko zona trinkoa eta bi aldeetara airezko ganbararen ondoren plaka bana ditu. Horrela horma barrutik aireztatuta geratzen da. Kanpoaldeko eta barnealdeko plakak blokearen erdialdean daude zona trinkora itsatsita, eta ez zabalera osoan.
Kanpoko plaka erdiko zona trinkoa baino zerbait altuagoa da eta masarik ez du hartzen. Blokea kokatzeko eta hormaren gida gisa balio du. Masa erdiko zona trinkoan besterik ez da ipini behar, eta gaineko blokea utzita presio hutsez muntaia egina dago. Ohizko sistemaren erdia behar da masatan bloke hauekin horma egiten denean, eta denbora ere erdia aski da horma eraikitzeko.
Erdiko zona babesten duten bi aire-ganbarei esker urak eta hezetasunak ez du horma zeharkatzen eta kapilaritatearen kontrako bi hesi direla esan daiteke. Horma lehorragoa eta isolatzaileagoa da, beraz.
Barneko aldetik eta kanpoko aldetik junturarik nabarmentzen ez zaiolako, entokatzen erraza da eta entokatu ondoren barruko blokeen ingurua ez da nabarmentzen. Horrez gain Parietec blokeak kanal horizontalak ditu, nahi denean altzairuzko barrak sartu ahal izateko.
Hormigoizko bloke berri honen neurriak 20x20x40 cm dira. Beraz, entokatu ondoren 25 edo 30 zentimetroko lodieran trenkada bikoitzen lana egiten duen horma osatzen da. Gainera kostua % 30bat merkeagoa da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia