Elhuyar zientziaren komunikazioa

Bizkarrezur-muina berreraikitzeko ‘aldamioak’

2004/01/28 Lexartza Artza, Irantzu - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Kaltetutako nerbio-zelulei hazten laguntzeko mekanismo bat diseinatu dute Chicagoko (AEB) Northwestern Unibertsitatean. Ikertzaileek uste dute mekanismo hori baliagarria izan daitekeela zauritutako bizkarrezur-muinak konpontzeko, nerbio-zelulei lagunduko dien ‘aldamioa’ eraiki dezake eta.

Bizkarrezur-muineko zauri gutxi osatzen dira guztiz, muina moztuta geratuz gero nerbioek ezin baitute geratzen den tartean hazi alde biak lotzeko. Orain arte, arazo horri aurre egiteko, nerbioen hazkuntza errazteko zubiak eraikitzen saiatu dira ikertzaile asko, baina material solidoak erabiltzen zituzten, kolagenoa, adibidez. Horiek aplikatzeko kirurgia inbaditzailea behar da, eta horrek arrisku handia du muinean kalte gehiago sortzeko.

Chicagoko ikertzaileek, arrisku hori saihesteko, likido batekin egin dute zubia. Likidoa osatzen duten molekulek karga negatiboa dute, eta, ondorioz, elkar aldaratzen dute. Soluzio likidoa karraskari baten kaltetutako bizkarrezur-muinean injektatzean, fluidoak karga positiboa duten molekulak topatzen ditu, bizidunen ehunetan dauden kaltzio- edo sodio-ioiak kasu, eta haiekin elkartzen da berehala, gel-erako solido bihurtzeko.

Molekulak era berezian elkartzeko diseinatu dituzte, tutu ñimiñoez osatutako masa txiki bat eratzeko moduan. Tutu bakoitza 5 nanometro zabal eta ehunka nanometro luze da. Tutuek egitura porotsua dute, eta nerbio-zelulak haien inguruan eta barrena haz daitezke. Gainera, molekulei proteina-zati txiki bana gehitu diete, nerbio-zelulek ezagut ditzaten eta haiei atxiki dakizkien. Egitura 4-6 aste geroago desintegratzeko diseinatuta dago, horrela ez da elementu arrotzik geratzen organismoaren barruan.

Bestalde, muina konpontzen laguntzeko, nerbio-zelula berriak gehitzen ere saiatu dira. Saiakera batean zelula amak erantsi zizkioten soluzioari, eta haiek neurona bihurtu eta solidotutako zubian hazten hasi ziren.

Edozein modutan, aldamio-egitura ondo kokatuta egonda ere, baliteke nerbioek zailtasunak izatea berriz hazteko. Izan ere, bizkarrezur-muina zauritu eta gero, inguruko zelulak elkartu egiten dira, eta orban dentso bat sortzen dute. Nerbioentzako ezinezkoa denez hesi hori zeharkatzea, litekeena da beharrezkoa izatea orban hori apur dezaketen entzimak gehitzea soluzioari.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia