Bizkaiko ERREKA plataforma
1994/06/01 Arrojeria, Eustakio - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bizkaiko ERREKA pataformako kide eta partaide den Josetxo Alvarezekin hitz egiteko eta ERREKA plataformara hurbiltzeko parada izan dugu. Josetxorekin izandako hitzaspertuaren laburpena da artikulu honetara dakarguna.
Elh.: Zer da eta noiz eratu zen ERREKA plataforma?
J.A.: ERREKA plataforma Hego Euskal Herriko mugimendu ekologista eratzeko proposamena dela esan genezake.
Dena dela, eta historia pixka bat aztertuz, asmo zahar baten urrats berria dela esan dezakegu. Duela urte batzuez gero plataforma eratu bitartera, ekologiaren inguruan ziharduen hainbat taldetako kide ugarik Euskal Herriko mugimendu ekologistaren esparruko indarrak batzeari buruzko eztabaidak antolatu eta bideratu zituzten. Hartu eman eta eztabaida horiek Rio de Janeiroko Gailurrean izan zuten beren goi-maila eta 1992ko udaberrian, Hego Euskal Herrian ekologiarekiko sentiberatasuna piztu nahian, sortu zen plataforma. Aldi hartan Hego Euskal Herrian funtzionatzen zuten talde ekologista guztiak bildu ziren plataforma horretan eta Euskal Herrian hainbat ekitaldi antolatu zen. Urtebete geroago “Ekotopaketak” antolatu eta bertan bi maila landu ziren: ingurugiroari buruzkoak eta antolamenduari buruzkoak. Ingurugiro-mailakoak ez zuten iskanbilarik sortu. Bai ordea antolaketa-mailakoak, eta ondorioz, hasierako plataforma deuseztu egin zen. Bizkaian zer egin behar zen argi eta garbi geneukanez, aurrera ekin genion eta iazko urrian eratu genuen ERREKA plataforma.
Elh.: Zeintzuk dira ERREKA plataformaren helburuak?
J.A.: Bi helburu nagusi dituela esango nuke. Sarea sortzea batetik eta taldeak indartzea bestetik. ERREKA plataforma ez da erakundea eta ez du izan nahi. Informazioa trukatzeko, elkarrekin komunikatzeko eta lanak elkarrekin egiteko gune bat izan nahi du. Ekologismoaren funtsa gizartearen garapen-eredua eta bizimodua eraldatzea da. Hau da, jende asko dago ekologismoaren alde, baina berean dihardu. Pentsakeraz bat datoz ekologisten mugimenduarekin, baina jarrerak bestelakoak dira. Adibidez, poluzioaren kontra egon arren, automobila ezinbestekoa du. Ekologismoaren zeregina baloreak birmoldatzea eta gizartea hezitzea da eta horretarako indartsu izan behar dugu. Hori guztia ezin dugu bakarka egin eta ezinbestekoa da elkartzea. Baina bestalde, beharrezkoak dira talde lokalak; hauen bidez gizarteratuko baikara. Beraz, biak dira garrantzitsu eraginkor izan nahi badugu.
Elh.: Nola dago eraturik eta nola funtzionatzen du ERREKA plataformak?
J.A.: Pertsonez eta taldez osaturik dago eta erabateko autonomia du. Ez du beste talde ekologistekiko menpekotasunik; ezta horien ordezkaritzarik ere.
Bulego administratiboa eta gestio-batzordea dugu. Hauen zeregina gestio-lanak eta lan burokratikoak bideratzea da. Bertako kideen erdiak sei hilabetetik behin aldatzen dira eta guztiak pasatzen ahalegintzen gara; hori positiboa dela iruditzen baitzaigu.
Bestalde, hiru hilabetetik behin Batzar Orokorrak egiten dira, eta bertan, hurrengo hiruhilabetean bideratu behar diren ekintzak proposatu eta onartu egiten dira. Hartu diren erabakiak bideratzeko lan-taldeak ere bertan antolatzen dira.
Elh.: Zein motatako ekintzak bideratu eta antolatu dituzue azken bi urteotan?
J.A.: Azken bi urteotan bi bide jorratu ditugu. ERREKA plataformaren erakuntza batetik, hau da, sarea nola eratu, informazioa nola bideratu, taldeak nola indartu, talde eta kide berriak nola sortu, etab. eta mezu ekologista gizarteratzea bestetik. Bigarren bide honi jarraituz bi aste antolatu dira; bata joan den urtean eta bestea aurten.
Azken bide honen harian hainbat lan-talde eta batzorde antolatu dira: Parke Naturalen egoera aztertzeko; Nazioarteko Bankuaren 50. urteurrena dela eta salaketa egiteko “Zoritxarrak” izeneko koordinazio-taldea eratu da gobernuz kanpoko beste taldeekin; ehiza eta basoei buruzko azterketak bideratzeko batzordea osatu da; etab.
Ahalegin berezia egin da, bestalde, gure iritziz Euskal Herrian dagoen arazo ekologiko larriena den zaborren inguruan. Bi mailatan egin behar da lan zaborren kasuan: erakunde-mailan eta gizarte-mailan. Azken arlo honetan norberak eta talde bakoitzak bere herrian egin dezake zerbait, baina ez da aski. Beste maila batean ere egin behar da eta plataforma beharrezkoa da horretarako. Erakundeek, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiek adibidez, errausketa-bideari ekin die. Gure iritziz hori ez da irtenbidea. Horrela jokatuz batzuen etekin ekonomikoa lortuko da, baina ez dio arazo ekologikoari erantzuten; arazoa areagotu egiten da. Bestalde, baliagarriak izan daitezkeen beste baliabideak (papera, plastikoa...) ezin daitezkeela erre iruditzen zaigu.
Ekologisten zeregina beste irtenbideak proposatzea eta gizartea mentalizatzea da. Birziklapenaren politika bideratzea behar-beharrezkoa da eta horretarako birziklapenaren kanpaina bideratu dugu. Materialak birziklatzeko sistemak eratzea garrantzitsua da eta Bizkaiko herri gehienetan birziklapen-sistema hori garatzeko urratsak eman behar dira (bilketa selektiboa...). Bestalde, zaborra birziklatzeko sistemak garatzea bezain garrantzitsua da zabor gutxiago sortzea eta gizartea mentalizatzea. Horretan ere ari gara.
Elh.: 1994.eko apirilaren 15etik 24ra bitartean “Ingurugiroaren 2. Astea” antolatu duzue. Zeintzuk izan dira aste horren helburuak?
J.A.: Ingurugiroaren alde gizarteak parte har dezan bultzatzea izan da aste honen helburua. Helburua ez da izan, beraz, ekologistok ingurugiroaren alde zerbait egitea (horretan baitihardugu urte osoan); gizartea inplikatzea baizik.
Elh.: Nola baloratzen duzue jendearen partehartzea? Zein da egin duzuen balorazioa?
J.A.: Pentsatutako guztia egiteko aukera izan ez badugu ere, balorazioa baikorra da; helburua bete baita. Lortu dugu gizarteratzea eta jendea inplikatzea. Zenbait kasutan ekintzak antolatu dira, beste batzuetan ez, eta hori ere ona da. Enpresa batean eta zenbait eskolatan, adibidez, papera larriegi erabiltzen zuten eta gutxiago eta birziklatua erabiltzen hasi ziren. Beraz, oro har partehartze handia izan da eta pozik gaude.
Elh.: Plataformaren ibilbide laburra, beraz, baikorra da. Ideia Euskal Herrira hedatzea pentsatu al duzue?
J.A.: Hasieran esan dizudanez, lehen bileretan guztiok bildu ginen bertan. Baina desadostasun batzuk bitarteko, taldea apurtu egin zen. Bizkaian kokaturik dauden talde ekologistek eta Euskal Herri osoan funtzionatzen duten bi taldek ideian sinesten zuten eta aurrera egin genuen. Gainerakoek, Gipuzkoako Txingudiren Aldeko Koordinakundeak izan ezik, ez dute horrelako plataformaren beharrik ikusten. Beraz, ... haiei dagokie eman behar diren urratsak ematea. Dena dela, Hego Euskal Herriko gainerako talde ekologistekin harreman onak ditugu.
Elh.: Amaitzeko, nola har daiteke parte ERREKA plataforman.
J.A.: ERREKA plataforman bi eratara har daiteke parte. Bat, taldeen bidez, eta hori da guk bultzatu nahi dugun bidea, eta bai norbera bere kabuz. Edozelan ere, jende gehiagok parte hartzea nahi dugu eta sektore berrietara iritsi; hala nola Unibertsitateetara, ikerlari eta teknikariengana, irakaslegoarengana ... Ea guztion indarrak bilduz Herria hobetzen dugun.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia