Bizirik martitzen?
1987/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela hamar urte bi Viking zundek, Martitzeratu zirenean, Martitzen egon zitekeen biziaren arazoari amaia eman zioten: ez zegoen bizirik. Uda honetan, han egin zen esperimentu bat aztertzen zegoen zientzilari-talde batek bizia egon daitekeela aldarrikatu du.
Gilbert Lovin eta Patricia Straat-ek, zundek egindako esperimentu baten diseinatzaileek, gure esperimentuak Martitzen bizia detektatu bide du esan dute. Zunda bakoitzak hiru saio zeramatzan prestaturik, bizia detektatzeko helburuz. Levin eta Straat-ek prestatutako esperimentuan, mikroorganismoek erradioaktiboki markatutako konposatuak har zitzaketeneko kasua hartzen zuen bere baitan. Saioak emaitza positiboak eman zituen, baina zientzilariek arrazo ez-biologikoen bidez azaldu zituzten. Beste saioek, ez zuten biziaren arrastorik jaso. Horregatik, Martitzen bizirik ez dagoela onartu egin zen guztiz.
Levin eta Straat ez daude ados horrekin. Beren aburuz, adierazpide ez-biologikoa ez zen zuzena; ezta azken hamar urte hauetako ikerketen ondoren ere. Bestalde, zera uste dute: bizia detektatzeko beste bi saioetako bat, material biologiko gutxi duten zoluetan mikroorganismoak detektatu ahal izateko ez zela nahikoa sentikor.
Martitzeko bizi-formarik probableena, likenak dira dirudienez. Ur-iturri bakarra eguratsa deneko tokietan bizi daitezke likenak. Martitzeko eguratsean, urri bada ere, badago ura; bai poloetako eskualde zurietan eta baita planetaren azal arrokatsuaren barnean ere.
Arazoa hor dago. Apurtxo bat itxaron beharko da erantzuna aurkitu ahal izateko; datorren hamarkadaren erdi alderarte hain zuzen. Orduan bidaliko omen da zunda gehiago Martitzera.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia