}

Bizidunak aurkitu dituzte Dallol sumendian, munduko leku muturrenetako batean

2019/05/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

bizidunak-aurkitu-dituzte-dallol-sumendian-munduko
Arg. © iStockphoto.com/Guenterguni

Dallol sumendia Etiopiaren ipar-ekialdean dago, Afar triangeluan, Danakil basamortuaren erdian. Hango ur termalek munduko kondizio muturrenetakoak dituzte: izugarri azidoak dira (pH 0 edo txikiagoa), erabat gaziak (aseak), metaletan aberatsak (burdina, kuprea…) eta oso beroak (90-109 ºC). Orain, hango jalkin mineraletan mikroorganismoak aurkitu dituzte Espainiako Astrobiologia Zentroko ikertzaileek.

Nature Scientifics Reports aldizkarian aurkeztu dituzte emaitzak. Besteak beste, haien DNA aztertu dute, eta, analisi genetikoek eta bestelako probek erakutsitakoaren arabera, Nanohaloarchaea ordenakoak direla uste dute ikertzaileek, baina ez dute baztertu orain arte ezagutzen ez zen ordena batekoak izatea. 

Nolanahi ere, beste ikertzaile batzuek zalantzak dituzte, eta baieztatu arte ezin dela ziur egon ohartarazi dute. Baieztatuz gero, esanguratsua izan daiteke, adibidez, iraganeko Lurrean bizia nola sortu zen ezagutzeko, eta Marten edo gure planetatik kanpoko beste leku batzuetan ere bizirik egon ote zitekeen edo litekeen ikertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia