}

Biziaren hazia

2004/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txinan, nekazari batzuk soroaren erdian daude, larritasun keinua aurpegian eta zerura begira. Eguraldi aproposa noiz egingo zain daude, arroza landatu ahal izateko. Une berean, munduko hainbat laborategitan, ikertzaileak Oryza sativa landarearen 50.000 geneak sekuentziatzen ari dira. Asmoa da aurten bertan arrozaren sekuentzia osoa deskodetuta izatea.

Hain juxtu, 2004a arrozaren urtea izendatu du FAOk, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak. Orain arte, FAOk ez dio behin ere eskaini urte bat labore bakar bati; hortik ondoriozta daiteke zenbaterainoko garrantzia duen arrozak.

Izan ere, munduan, elikagaien bidez hartzen den energiaren % 20 arrozak ematen du, gariak % 19 ematen du eta artoak % 5. Baina herrialde batzuetan are garrantzitsuagoa da, ezinbestekoa da: egunean hartutako kalorien % 70-80 arrozari esker hartzen dituzte Laosen, Tailandian, Vietnamen, Kanbodian eta Bangladeshen. Toki horietan, arroza bene-benetan da biziaren hazia, eta mendetan landatu izan dute.

Hain zuzen ere, Asiako tropiko hezean sortu zen arrozaren laborantza duela 6.500 urte. Oryza sativa arroz-espeziea eremu lehorretan, hezeetan, beroetan eta hotzetan hazteko gai da, eta lur gazietan zein azidoetan eta alkalinoetan haz daiteke. Horregatik, denborarekin, Asia osora hedatu zen, eta hiru subespezie nagusi sortu ziren: indica, japonica eta javanica . Milaka urtean egindako hobetzeen eta gurutzatzeen ondorioz, barietate ugari daude gaur egun, eta mundu osoan landatzen dira.

Nekazaritzan erabiltzen den beste arroz-espeziea Oryza glaberrima da. Afrikaren mendebaldean sortua da, Nigerren deltan. Arroz-mota horren laborantza Senegaleraino zabaldu zen arren, inoiz ez da landatu izan jatorrizko lekutik urruti. Areago, orain Asiako barietateak landatzen dira Afrikako lurralde haietan ere.

FAO / 17334 / R. FAIDUTTI

Hala eta guztiz ere, azken urteotan arroz hibridoa gailendu da beste arroz-mota guztien artean. Lehen arroz hibridoa 1974an sortu zuten zientzialari txinatarrek. Urte haietan, nekazaritzan iraultza gertatu zen, Iraultza Berdea: mekanizazioaz eta ekoizpen-sistema berriez baliatuz, lurren emankortasuna handitzea lortu zen. Eta horretan lagundu zuten laborategian sortutako haziek ere.

Laborategiko iraultza

FAOren arabera, hobetutako beste haziek baino % 15-20 uzta handiagoa ematen du arroz hibridoak. Beraz, goseari aurre egiteko arma egokia delakoan, Asian, Afrikan eta Hego Amerikan arroz hori landatzeko laguntzak eman ditu.

Orain, munduan ekoizten den arroz guztiaren % 60 Txinan eta Indian egiten da, eta Txinan landatzen den arrozaren erdia arroz hibridoen barietateak dira. Horri esker, batezbesteko etekina hektareako 3,5 tonatik 6,2 tonara handitu da Txinan. Alabaina, arroz-mota horrek ez ditu denak alde. Arroz hibridoaren aleak ezin dira gorde hurrengo sasoian ereiteko, antzuak baitira. Beraz, nekazariak behartuta daude urtero erostera.

AO / 19480 / G. BIZZARRI

Gainera, arroz hibridoa bakarrik landatzeak tokian tokiko barietateak desagertzea dakar. FAOk berak onartzen du askotan emaitzak behar baino kaskarragoak direla, eta horretarako hamaika arrazoi daudela: teknologikoak, kulturalak, sozioekonomikoak, politikoak...

Ingeniaritza genetikoaren bidez ere saiatu dira arroza hobetzen. Adibide ezagunena urre-koloreko arroza da. Arroz hori genetikoki eraldatuta dago A bitamina eta burdin gehiago izan dezan. Hartara, arroza oinarritzat duten herrialdeetan, umeek A bitaminaren gabeziarik ez izatea lortu nahi dute, herrialde horietan nahiko ohikoa baita bitamina horren gabeziak sortutako itsutasuna.

Azken urteotan laborategiek sortutako mota berrien artean daude arroz hipoalergenikoa, eta bereziki Afrikarako sortu den NERICA arroza. FAOren esanean, ezinbestekoa da bioteknologia eta aurrerapen zientifiko guztiak erabiltzea arrozaren kalitatea eta emankortasuna hobetzeko, garatzeko bidean dauden herrialdeen mesedetan baita.

Arroz-soroen ekosistemak arriskuan

ARS / D. NANCE

Arroz-soro gehienak uretan daude, eta espezie basati askoren bizileku dira: arrainak, hegaztiak, narrastiak, krustazeoak, intsektuak, landareak... bizi dira arroz-soro hezeetan, eta horietako asko jateko, hazteko edo sendabideak egiteko erabiltzen dira. Ekosistema batzuek ehun espezie erabilgarri baino gehiago dituzte, eta aseguru moduko bat dira uzta galtzen denerako edo gosete-garaietako. Aldi berean, izurriak eta gaitzak eragozten ditu espezieen arteko orekak.

Toki askotan, arroza landatzearekin batera arrainak edota ahateak hazten dira, arroz-landarearen lastoa ganadua bazkatzeko erabiltzen da, eta ganaduak, berriz, lurra ongarritzen eta prestatzen laguntzen du. Arroza beste landare batzuekin batera ere landatzen da, adibidez, kokondo eta bananondoarekin batera; hartara, sail bakar batek ematen dituen baliabideak ugaldu egiten dira.

AAAS / MA LIWEN

Halaber, Asiako zenbait lekutan, terrazatan landatzen da arroza. Horri esker, laborantzarako lurra izatea lortzen da, baina, horretaz gain, erosioa eta luiziak eragozten dira eta uholdeak kontrolatzen dira. Gainera, terrazetan errazago metatzen da materia organikoa eta alga gutxiago hazten dira. Bestetik, paisaia eta kultura aldetik duten balioa izugarria da; hori dela eta, UNESCOk gizon-emakume guztien ondare izendatu ditu Filipinetako Banaweko terrazak.

Ekoizpen-sistema intentsiboak, ordea, arriskuan jarri ditu sistema tradizionalak. Ondorioz, hainbat lekutan habitat eta ekosistema horiek desagertzen ari dira, eta ingurumena poluitzen ari da ongarri eta pestizida kimikoen erruz. Agian, heldu da egoera aztertzeko eta prebentzio-neurriak hartzeko garaia.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia